Publizitatea
Itxi

2021/03/11

21:48

Politika

Omenaldia

M11ko biktimak oroitu dituzte Madrilen, 17 urte eta gero

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Ekitaldi nagusia Errege Jauregiko lorategian egin dute. "Terrorismoa ez da inoiz gailendu, eta ez da gailenduko", azpimarratu du Espainiako erregeak.

1:29
Madril, gaur goizean. Argazkia: EFE.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Duela 17 urte gertatu ziren M11ko atentatuak. Europan inoiz izan den eraso jihadistarik larriena izan zen. 193 pertsona hil ziren.

Egun hori Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izendatu zuten eta gaur ekitaldi instituzionala egin dute Errege Jauregian, Madrilen.

Ekitaldia Felipe VI erregeak zuzendu du eta hainbat agintari izan dira bertan, tartean Pedro Sanchez eta Espainiako Gobernuko ministroak eta alderdietako ordezkariak; EH Bildu, ERC, Junts, Compromis, BNG eta CUP izan ezik. Halaber, zenbait erkidegotako agintariak ere hain izan dira, besteak beste, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea.

Felipe VI.enak adierazi du biktimek "demokraziaren duintasuna eta handitasuna" ordezkatzen dutela. Batasunerako deia egin du, "mehatxua edonondik datorrela ere", eta azpimarratu du terrorismoa ez dela inoiz gailendu eta ez dela inoiz gailenduko.

Horrez gain, ezinbestekotzat jo du biktimen memoria bermatzea, "errespetuagatik eta belaunaldi berriek indarkeriak zer eragin zuen jakin dezaten".

Alderdi independentistek azaldu dutenez, omenaldia "monarkia goratzeko ekitaldia" izateagatik uko egin diote parte-hartzeari.

Omenaldiak geltokietan

Ordu batzuk lehenago, Atochako geltokian, omenaldia burutu du M-11 Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Hain izan dira, besteak beste, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak.

Eulogio Paz elkarte horretako presidenteak hartu du hitza eta Madrilgo erkidegoko Gobernuari zuzendu zaio. Diru-laguntzak eskatu nahi dituzten biktimei erroldatze-agiria aurkeztea baldintza gisa exijitu ez dezala eskatu dio.

Alcala de Henaresen minutu bateko isilunea eta lore-eskaintza egin dituzte atentatuetan hildakoen omenez. Santa Eugeniako eta El Pozoko geltokietan ere egin dituzte ekitaldi xumeak.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena