Politika -

Primarioak

Nafarroako Ahal Duguk koordinatzaile nagusi berria aukeratuko du gaurtik hasita

Asteazkenera arte lau hautagaitzen artean bozkatzeko aukera izango da. Begoña Alfaro, Neniques Roldan eta Ainhoa Aznarez dira hautagaiak, eta haiekin batera, zerrenda zuri bat ere aurkeztu da.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Ahal Duguren Asanblada Herritarrak primarioak ditu gaur hasi eta datorren asteazkenera arte, hilak 17, datozen urteetan Foru Erkidegoan alderdi morea zuzenduko duen proiektua aukeratzeko.

Nafarroako Ahal Duguren Koordinazio Autonomikoa, Herritarren Kontseilua eta Nafarroako Bermeen Batzordea berrituko dituzte barne hauteskundeokin. Hala, alderdia nork zuzenduko duen aukeratuko dute. Izan ere, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilaria ere badenak irailean iragarri zuen ez zela berriro aurkeztuko.

Nafarroako Ahal Duguren orrialdearen bidez bozkatu ahal dute afiliatuek. Lau zerrenda daude, baina hiru hautagai, laugarren zerrenda "zuria" baita (Mikel Buil parlamentaria dago tartean). Aipatzekoa da koordinatzaile nagusi posturako aurkeztu diren hirurak emakumezkoak direla.

Begoña Alfaro Garcia da "Nafarroako Ahal Dugu berrabiarazi" proiektuaren burua. Alfaro izan da, hain justu, berme pertsonal gehien (134) aurkeztu dituen hautagaia. Hautagaitza aurkezteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, bere taldeak "gaztetasuna eta gogoa Nafarroako erakunde eta lurraldeetan eskarmentua dutenekin" batu ditu. Alfaroren esanetan, "gizarte mugimenduen indarra eta gertutasuna erakundeetara" eraman behar dira berriro, "politika eta gizartea asko urruntzen" ari direla uste baitu.

Neniques Roldan Marrondan kazetariaren gidaritzapean aurkeztu "Batean Podemos" zerrenda. Roldan Komunikazio idazkaria izan da aurreko bi idazkari nagusiekin, eta hala, "alderdia apur bat" ezagutzen duela nabarmendu du hautagaiak; "badakit zerk funtzionatu duen eta zerk ez", erantsi du. Kazetariak azaldu du berea ez dela proiektu indibiduala, atzean "funtzionatzen ez duen sistema kapitalista hori aldatzeko ilusioz hasieratik lanean egon den taldea" du.

Azkenik, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentari eta ganberako presidente ohia dago, "Bultzada Morea" hautagaitzarekin. Aznarezek azaldu duenez, aukeratzen badute "herri mugimendua, ingurumena, transformazioa eta feminismoa indartzeko" borroka egiten jarraituko duela hitzeman du. Aznarezen apustuak honako dira: alderdiaren egituran eta prozeduretan errepikatuta daudenak kentzea, baliabideen arabera antolatzea eta berdintasuna bermatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa