Politika -
Eusko Legebiltzarra
PSEk zalantzan jarri du EAJk eta PPk iruzurraren kontra jo nahi dutela
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak esan du "susmagarria" dela Bizkaiko eta Arabako aldundiek zergei buruzko informazioa ez trukatzea etengabe.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak ez du argi EAJk eta PPk benetan zerga-iruzurrraren kontra jotzeko asmoa ote duten eta iruzurrarekin galtzen diren 2.500 milioi euroekin laguntza sozialen, hezkuntzaren eta osasunaren alorrean gehiago egin ahal izango zutela esan du.
Bozeramaile sozialistak agerraldia egin du gaur Gasteizko Legebiltzarrean datorren ostiraleko osoko-bilkura prestatzeko bilerara joan aurretik. Eusko Jaurlaritzak 2012rako prestatu dituen aurrekontuen osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte orduan.
Pastorrek azpimarratu du Jaurlaritzak esfortzua egin duela Lan Eskaintza Publikoen bidez funtzionarioei egonkortasuna emateko eta horrelako politikak beste erkidego batzuetan, hala nola Katalunian, ez direla ohikoak zehaztu du.
Hala ere, aldundiek elkarlanean zerga-iruzurrari aurre egiteko gehiago egingo balute, iruzurrekin galtzen diren 2.500 milioi euroekin gehiago egin ahal izango litzatekeela azpimarratu du.
Pastorrek zalantzan jarri du PPk eta EAJk zerga-iruzurraren kontra jotzeko duten borondatea. Izan ere, Arabako eta Bizkaiko aldundiak haien esku daude eta "susmagarria" da aldundiek zergei buruzko informazioa ez trukatzea etengabe.
Agian norbait "babestu" nahi dute edo ·baliabide gehien dituztenak fokoetatik eta zerga inspektoreen ikerketetatik kanpo eduki nahi dituzte", azaldu du buruzagi sozialistak.
Gogora ekarri duenez, PSE-EEk batzar nagusietan iruzur fiskala indartzeko proposamen bat aurkeztu zuenean PPk eta EAJk "kontra bozkatu zuten eskumenaren aitzakipean". "Horrek oso gutxi esaten du zerga iruzurraren kontrako benetako borondatearen inguruan", salatu du Pastorrek.