Politika -

ABERRI EGUNA

EAJk Euskalduna Jauregian ospatuko du Aberri Eguna

Militanteek ezingo dute Euskaldunako ekitaldi politikora joan. Hala ere, urtero bezala, balkoietan ikurrina jartzera animatu dituzte.

Andoni Ortuzar, 2020ko Aberri Egunean. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia
Andoni Ortuzar, ikurrina etxeko balkoian zuela, 2020ko Aberri Egunean
Andoni Ortuzar, 2020ko Aberri Egunean. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko parentesiaren ondoren, EAJk Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi politiko batekin ospatuko du aurtengo Aberri Eguna. 2020ko Aberri Eguna itxialdi garaian izan zenez, modu telematikoan egin behar izan zen. Aurten, indarrean dauden osasun arauak tarteko, militanteek ezingo dute Euskaldunako hitzordura joan. Hala ere, urtero bezala, balkoietan ikurrina jartzeko deia egiten zaie.

Astelehen honetan zabaldutako ohar batean, "osasun eta segurtasun guztiak betez eta modu arduratsuan" egingo diren ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte alderdikide guztiak.

Jeltzaleek apirilaren 4an egingo duen Ohiko Aberri Batzarraren baitan egingo da Aberri Eguneko ekitaldi politikoa. Saioa 09:30ean hasiko da Euskalduna Jauregian.

EAJren Estatutuen arabera, urteko lehen hiruhilekoan egin behar da Ohiko Aberri Batzarra. Aurtengo Aberri Eguna apirilaren 4an izango denez, Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Batzarra lau egun atzeratzea proposatu zuen, salbuespen gisa, astebetean bi topaketa egin beharrik ez izateko. Proposamena onartua izan zen.

"Aberri Eguna ospatzeko borondateak eta gaur egungo pandemia egoeran gaudela ospakizun hori segurtasun osoz eta era arduratsuan egiteko beharrak eragin du aurtengo ospakizuna Aberri Batzarraren barruan egitea erabakitzea. Aberri Batzar hau da EAJ-PNVren organo gorena, eta bere batzarkideak dira alderdikide jeltzale guztien ordezkari legitimoak; beraz, alderdikide guztiak ordezkatuko dituzte apirilaren 4an egingo den ekitaldian", azpimarratu EAJk.

Ekitaldi politikoa zuzenean jarraitu ahalko da EAJren webgunean eta sare sozialetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Urkullu azken albisteak Andoni Ortuzar Aberri Eguna gaur Alderdi politikoak bideoak Euskalduna Jauregia bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa