Politika -
EPPKren agiriaren ondorioz
Ezker abertzalea: 'Presoak hurbiltzea bake prozesurako funtsezkoa da'
Ezker abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboak zabaldutako azken agiria txalotu du. Honen esanetan, "Aieteko Adierazpena betetzeko ordua heldu zaie Estatuei".
Erredakzioa
Ezker abertzaleak azpimarratu duenez, Euskadiko eta Nafarroako espetxeetara ETAko presoen hurbilketa "gure herrian abian den bake prozesurako eta normalizazio politiko eta demokratikorako funtsezkoa da".
Ezker abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekimena txalotu du. EPPKk iragarri duenez, ETAko preso bakoitzak Euskadiko eta Nafarroako espetxeetara hurbiltzeko eskaera egingo du, "Euskadin elkartuta egonda, ekarpen aktibo bat egin ahal izateko".
Ezker abertzalearen esanetan, "Espainiako eta Frantziako Estatuek euskal preso politikoen taldeari ezarritako espetxeetako politikak eskubideen urraketa suposatzen du eta honi amaiera ematea funtsezkoa da gure herrian martxan den bake prozesuan eta normalizazio politikoan aurrera egin ahal izateko".
"Espainiako eta Frantziako Estatuek konpromisoak hartu behar dituzte eta eraikitzeko jarrera bat erakutsi behar dute. Aieteko Adierazpena betetzeko eta bake prozesuan ekarpen positiboak egiteko ordua heldu zaie Estatuei", azaldu du ezker abertzaleak.
Honen aburuz, herritarrak mugiaraztea garrantzitsua da eta hori dela eta, datorren urtarrilaren 7an 'Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira' lelopean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.