Politika -
Legegintzaldi berria
Rajoyk Kongresuko eta Senatuko presidenteak iragarriko ditu gaur
Amaiurreko diputatu hautetsiak akta hartuko dute gaur. Kongresuko Mahaiak bihar erabakiko du talde parlamentarioa osatu ahalko duten.
Erredakzioa
PPren agintaldiko lehen izenak gaur argituko dira. Izan ere, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak Kongresuko eta Senatuko presidente izateko proposatuko dituen pertsonak jakinaraziko ditu.
Halaber, PPk bi Ganberetan izango dituen bozeramaileak ere ezagutaraziko ditu.
Rajoyk PPren Zuzendaritza Nazionalaren aurrean egingo ditu iragarpenak.
Kongresuko presidente izateko hiru faborito omen daude: Alberto Ruiz Gallardon Madrilgo alkatea, Ana Pastor ministro ohia eta Jorge Fernandez Bartzelonako PPko presidentea. Senaturako, Pio Garcia Escudero dago kiniela guztietan.
Gorteak, bihar
Egutegiari jarraiki, bihar Gorte Orokorrak osatuko dituzte.
Saioak 10:00etan hasiko dira, eta horietan bi Ganberetako Mahaietako kideak aukeratuko dituzte.
Hauteskunde orokorretan gehiengo osoa lortu zuenez, PPk gutxienez bost kide izango ditu Kongresuko Mahaian (guztira bederatzi dira).
Amaiurren taldea, zalantza nagusia
Gaur bertan, Amaiurreko diputatu hautetsiak Madrilera joango dira, akta jasotzeko.
Era berean, hainbat alderdirekin batzartuko dira, talde parlamentarioa osatzeko helburuz.
Koalizio abertzaleak ez dauka bermatuta talde propioa eratu ahal izatea. Erabakia Kongresuko Mahaiaren esku izango da.