Politika -
New Yorkeko ordainsariak
Baltasar Garzon Auzitegi Gorenean, prebarikazioa leporatuta
2005 eta 2006 urteen artean, New Yorkeko Unibertsitatean ikastaro batzuk antolatzeagatik jasotako ordainsarien inguruan deklaratzera deitu dute.
Baltasar Garzon epailea Auzitegi Gorenean da 2005 eta 2006 artean New Yorkeko Unibertsitatean antolatutako bi ikastarorengatik ustez jaso zituen ordainsarien inguruan deklaratzeko.
Arratsaldeko 16:30ak aldera heldu da Garzon Auzitegi Gorenera, Manuel Marchena epailearen aurrean deklaratzeko.
Garzonek New Yorkeko ordainketen auziaren inguruan deklaratzen duen bigarren aldia da gaurkoa. 2010eko apirilaren 15ean ere prebarikazio eta eroskeria delituak egotzita deklaratu zuen. Mahai-inguruak antolatzearen truke Banco Santanderren eskutik ez zuela inoiz inolako diru kopururik jaso ziurtatu zuen.
Marchena epaileak eskatuta, atzo Maria del Mar Bernabe Baltasar Garzonen laguntzaileak deklaratu zuen. Horrez gain, Garzonen ondarea ikertu zuten bi guardia zibilek ere peritu gisa deklaratu zuten.
Auzitegi Nazionaletik kargugabetuta dagoen epaileak ustezko prebarikazio eta eroskeria delituak egin dituen ala ez ikertzen ari da Marchena magistratua. Gaur, New Yorken egon zenean Santander Banketxeak dirurik eman zion ala ez argitu nahi du.