Politika -
Legegintzaldi berria
UPyDk eta Foro Asturiasek bat egin dute talde parlamentarioa osatzeko
Bestalde, UPyDk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, Amaiur eta Bildu legez kanpo uztea eskatzeko.
Erredakzioa
Rosa Diez UPyDko buruak iragarri du Foro Asturiasekin bat egingo dutela gutxieneko boto kopurua lortu eta Diputatuen Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko.
Diezek prentsaurrekoan egin du iragarpena, Behe Ganberako Mahaiak taldeen eskaerak aztertu baino lehen. Hain zuzen ere, Mahaia arratsaldean batzartuko da, eta Amaiurrek taldea izaterik duen aztertu beharko du.
UPyDren eta Amaiurren egoerak antzekoak dira. Izan ere, gutxieneko eserleku kopurua (5) lortu badute ere, ez dira iritsi exijitutako boto kopurura.
Hori horrela, Diezek argi utzi nahi izan du UPyD eta Amaiur ezin dituztela berdin tratatu, lehengoa "ETAk jazarritako alderdia" baita, eta bigarrena "ETAk gidatutako alderdia" baita.
Bestalde, UPyDk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, Amaiur eta Bildu legez kanpo uztea eskatzeko.