Politika -
Akordiora heltzeko
Ezker Abertzaleko eta PSEko gazteek foro bat sortuko dute
Ekimen horretan parte hartuko dute baita Lokarriko, EAko eta Alternatibako gazteek ere. Lokarriren proiektu baten baitan Belfastera egin duten bidaiaren ostean hartu dute erabakia.
Erredakzioa
EAJ, PSE-EE, EA, Alternatiba, Aralar eta ezker abertzaleko gazteek normalizazio politikoaren aldeko prozesuan akordioetara heltzeko foro bar sortzeko asmoa erakutsi dute gaur. Foro horretan jasotako hausnarketak, hain zuzen, euren alderdietako ordezkariei helaraziko dizkiete.
Bilbon eman duten prentsaurreko batean, elkarrizketaren alde bildu eta desberdinari entzuteko "ausardia" eta "ardura" eskatu diete alderdietako ordezkariei.
Eskaera hori, hain zuzen, Lokarrik antolatuta Belfastera egin berri duten bidaiaren ondorioetan jaso dute. Lokarrik antolatutako bidaiaren helburua, Ipar Irlandako bake prozesua eta bizi duten normalizazio politikoa ezagutzea izan da.
Euskadi eta Ipar Irlandako egoerak "oso diferenteak" direla azpimarratu dute. Jarraian, eta gai berberaren harian, "hainbeste urtetan arerio izandakoak mahai berean esertzeko eta esperientziak partekatzeko gai direla ikustea" oso garrantzitsua dela esan dute. "Eurak hori egiteko gai izan badira, gu ere gai izango gara", nabarmendu dute.
Bidaiatik "hiru irakurketa garrantzitsu" atera dituzte: "Bake-prozesuaren alde denok batera lan egiteko konpromisoa, iraganari aurre egin eta oraina eta etorkizunaren arteko zubia eraki beharra, eta bake-prosezuan gizarte osoa partaide izateak duen garrantzia".