Politika -
Bilbo
Ebakuntza egingo diote Aburtori datorren astean tumore batengatik
"Duodenoan tumore txiki bat" atzeman diotela iragarri du, duela 13 urte izan zuen eta duela zazpi urte berriz irten zitzaion tumore bera.
I. G. | EITB Media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak asteazken honetan iragarri duenez, datorren astean ebakuntza bat egingo diote "duodenoan tumore txiki bat" atzeman ondoren, duela 13 urte izan zuen eta duela zazpi urte berriz irten zitzaion tumore bera.
Sare sozialetan argitaratutako bideo batean, Aburtok "kolpe gogorra" izan dela esan du, "baina ez ditut alkate gisa ditudan erantzukizunak une batez ere utzi".
Aburtok azaldu duenez, Udala utziko du aldi baterako, baina bere taldearekin dena antolatuta utzi du.
Alkateak azaldu duenez, tumorea duela aste batzuk atzeman zioten, "ohiko kontrol azterketa batean".
"Ondo nago, urduri, baina beharrezkoa da ebakuntza eta tumorea lehenbailehen kentzea. Eta horrela izango da datorren astean", aurreratu du alkateak.
Aburtok "indartsu" dagoela azpimarratu du, "nire jendeak oso babestuta" dagoela, "gertukoena", eta "eskurik onenetan" dagoela, euskal osasun publikoko profesionalen esku, hain zuzen ere.
Nabarmendu duenez, "medikuek uzten nautenean, guztiaz arduratuko naiz berriro, lehenik mugikorrarekin, eta ondoren teknologia berriekin, erabat sartu arte".
Bere osasunaz arduratzen direnen animoak eskertu ostean, Aburtok osasun agintariei kasu egiteko esan die herritarrei (covid-19aren neurrietan).
"Eta Aupa Athletic, Kopa bat 'zor' didazue eta...", bukatu du alkateak.