Politika -
Kontrol saioa
Lehendakariak espetxe-politika malgutzeko eskatuko dio Rajoyri
Indarkeriaren ondoren zabaldu den "aro berriaren" ostean kartzela-politika "moldatzea" beharrezkoa dela babestu du, baina "presa barik" egin behar dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria espetxe-politikaz mintzatu da Eusko Jaurlaritzako kontrol saioan, eta gogoratu du Gobernu zentralaren eskumena dela eta, hori bera, Mariano Rajoy hurrengo presidentearekin datorren astean biltzen denean komentatuko duen gaietako bat izango dela.
Halere, kartzela-politika malgutzearen aldekoa dela adierazi du, horrela presoak euskal presondegietara hurbildu ahal izateko. Juanjo Agirrezabala EAko ordezkariri erantzunda, lehendakariak Gobernu zentralarekin "ahal duen guztian" lagunduko duela esan du.
Patxi Lopezek Agirrezabalari gogoratu dionez, ETA ez da desagertu eta, hortaz, bandaren desegiteak "guztion helburua" izaten jarraitu behar luke.
Indarkeriaren ondoren zabaldu den "aro berriaren" ostean kartzela-politika "moldatzea" beharrezkoa dela babestu du, baina lehendakariaren hitzetan, "presa barik" egin behar da. Patxi Lopezek kritikatu du euren erabakiak hartzeko 30 urte berandu direnak orain konponbideak 30 egunetan nahi izatea.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren "mugimendu eza" kritikatu du, ETAk indarkeria behin betiko utzi zuela iragarri ostean ez duelako "pauso bat ere ez" eman eta esan dio "presa barik" kudeatzea ondo dagoela, baina ez "etengabeko geldialdian".
Agirrezabalaren ustez, lehendakariak ez du aurreko irailean iragarri zuen dekalogoan hitz emandakoa bete. Orduan, ETAren presoen gaiarekin malgua izango zela adierazi zuen.