Politika -

CGPJ

BJKNren "itzalaldia eta menpekotasuna" geldiaraztea eskatu diote epaile ugarik EBri

Botere Judiziala "independentzia galtzen" joan daitekeelako kezka agertu dute hiru elkarte judizialek, Espainiako Gorte Nagusiek onartu dituzten azken lege-aldaketen ondorioz.

BJKNren egoitza, Madrilen. Argazkia: Luis García (CC BY-SA 3.0 ES)
BJKNren egoitza dagoen eraikinaren irudia, Madrilen.
BJKNren egoitza, Madrilen. Argazkia: Luis García (CC BY-SA 3.0 ES)

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Magistraturaren Elkarte Profesionalak (APM), Francisco de Vitoria epaile eta magistratuen elkarteak (AJFV) eta Foro Judizial Independenteak (FJI), Espainiako 2.500 epaile baino gehiago ordezkatzen dituztenak (epaile guztien erdia, gutxi gorabehera), idazkia bidali diete Balio eta Gardentasunerako EBko presidenteorde Vêra Jourovári eta Didier Reynders komisario europarrari, Espainiako Zuzenbide Estatua "arrisku larrian" egon daitekeela dela uste baitute.

Sinatzaileek ohartarazi diote Europari Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa aldatu berri dela Espainian, BJKNren ahalmenak mugatuz hala, izan ere legeak ezarritako 5 urteko agintaldia gainditu eta berritu ezean, bitarteko egoeran egon daitekeen BJKNren funtzioak definitzen baititu aldaketa honek.

Horixe da, hain zuzen ere egungo Batzorde Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoera, 2018ko abenduaren 3an amaitu baitzen haren agintaldia, eta, ordutik, organo legegileak (Kongresua eta Senatua) ez baitira ados jarri kontseilu berriaren izendapenean; blokeo-egoeran dago beraz, BJKN, erabaki garrantzitsurik hartu ezinik, kontseilua "irtetekoa" delako.

Epaile sinatzaileek neurriak eskatu dizkiote Europari BJKNren "itzalaldia" eta Botere Judiziala unean uneko gobernuarekiko "menpekotasuna" saihesteko. 'Itzalaldia' diotenean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ahalmenen mugaketaz ari dira; izan ere, legearen aldaketak jasotzen du, adibidez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezin izango dituela izendatu, jardunean egonez gero, Auzitegi Goreneko presidentea, audientzietako presidenteak, justizia-auzitegi nagusietako (Euskal Autonomia Erkidegokoa, esaterako, zeina stand by egoeran dagoen) eta Auzitegi Nazionaleko epaileak, Salako Presidenteak edo Auzitegi Goreneko magistratuak.

Bokalen aukeraketan akordiorik ez

Bestalde, sinatzaileek 'menpekotasuna' aipatzen dutenean bokalak hautatzeko sistemari buruz ari dira. Botere Judizialaren 1985eko Lege Organikoak kideak hautatzeko sistema aldatu zuen, Gorte Nagusiek (Kongresua eta Senatua) BJKNko 20 kideak hautatzeko boterea izango zutela ezarriz. Lege hori Konstituzio Auzitegiak babestu zuen. Hala ere, lege horrek zehaztu zuen BJKNa berme-organo bat dela, eta ez ordezkaritza-organo bat; hori dela eta, bere konstituzionaltasun-izaeraren oinarria da alderdi politikoek ez zituztela bokalak 'banatu' behar, Kongresuan duten ordezkaritzaren arabera.

Hori da, hain zuzen ere, sinatzaileek Europako agintariei adierazi dieten beldurra. "35 urteren ondoren, Auzitegi Konstituzionalak aurreikusitako arriskuak errealitate tamalgarri bihurtu dira", idatzi dute, eta alderdi politiko nagusiek "Legebiltzarretik kanpo ezkutuko negoziazioetan bete beharreko postuak banatzen" dituztela salatu dute, eta, behin akordioa lortuta, "Diputatu eta senatariek euren alderdiek emandako kontsignaren arabera bozkatzen" dutela.

Sinatzaileek, beraz, salatu dute paralisi-egoeran daudela; izan ere, politikariek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzen ez duten bitartean, honek ezingo ditu bere eginkizun guztiak behar bezala bete.

Horregatik guztiagatik, beren kezken berri emateaz gain, eskatzen dute Espainiako Gobernuari eska diezaiotela Botere Judizialaren independentzia bermatzeko beharrezko lege-erreformak egiteko; Europako laguntzak botere-banaketaren arloko Erregelamenduaren betearazpenaren arabera emateko, eta EBaren Tratatuan aurreikusitako prozedura abiarazteko, "Espainiako Erresumaren aldetik urraketa larriaren arrisku argia" egon daitekeen egiaztatze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak BJKNari buruzko albisteak