Politika -
Profila
Zapatero, 51 urterekin erretiratua
Adin nagusiko bihurtu bezain arin PSOEra afiliatu zen, 25 urterekin Kongresuko parlamentaria, alderdiko idazkari nagusia 39 urterekin eta Gobernu buru 43 zituela, Zapaterok politika aktiboa utziko du.
Erredakzioa
Espainiar gobernuburu ohia, Zuzenbidean lizentziatutakoa, 51 urtekoa, ezkondua eta bi alaben aita. Curriculum horrekin, politika aktiboa atzean utzi osteko bizitza berriari ekingo dio José Luis Rodríguez Zapaterok hemendik aurrera. Eta ez da erraza izango, politika izan baita bere bizitza profesionalaren ardatz nagusia.
Adin nagusi bihurtu bezain arin PSOEra afiliatutakoa, 25 urterekin Kongresuko parlamentaria, 39rekin alderdiko idazkari nagusia eta Gobernu buru 43 zituela, Zapaterok politika aktiboa utziko du, nahiz eta oraindik erretiroa urrun geratzen zaion.
Estatu Kontseiluan izango duen lanean buru-belarri egongo den presidente ohi eredugarria izango dela ziurtatu du, eta nahiz eta otsailera arte PSOE alderdiaren buru izaten jarraituko duen, etorkizunera begira era neutral batean parte hartuko duela azaldu du.
Bere alderdiak historiako emaitzarik txarrenak lortu ditu aurten, eta hori gutxi balitz langabezia inoiz baino altuago eta atzeraldi berri bat izateko aukerarekin utzi du herrialdea. Dena dela, ETAren jarduna bere legegintzaldian bukatzeak harrotasunez bete du.
Gauzak horrela, 16 urterekin Leonen Felipe Gonzalezen mitin bat ikustera joan zenetik orain arte iraun duen ibilbide politikoari bukaera eman dio.
Ez da Leonera itzuliko
Gogoan betiko izango duen datetariko bat 2010eko maiatza izango da. Hilabete horretan, Gobernuak aspaldian hartu beharreko erabakirik gogorrenetarikoak hartu zituen, adibidez pentsioak izoztea eta funtzionarioen soldatak jaistea. Ordutik aurrera, erreforma eta murrizketa garaia heldu zen, kasu askotan europar bazkideek hala eskatuta.
Apirilaren 2an bere burua hirugarren legegintzaldi batera aurkeztuko ez zuela iragarri zuen, eta ekainaren bukaerarako bere etsai politikoak irabazi dituen hauteskunde orokorrak deitu zituen.
Nahiz eta Leonera itzultzeko nahia izan, Madrilen bizitzen jarraituko du Sonsoles Espinosa eta bere bi alabekin.