Publizitatea
Itxi

2021/04/23

12:13

Politika

Sarrionandiaren itzulera

Prozedura judizialik gabeko iheslarien buelta erraztea eskatu du Foro Sozialak

E. G. | EITB MEDIA

Foroaren iritziz, Sarrionandiaren eta Azkarateren itzulerak "mahai gainean jarri du 41 pertsonak oraindik bizi duten errealitate zaila", eta auzia "konponbidearen agendan" sartzea eskatu du.

  • IV. Foro Sozialaren bilera Irunen.

    IV. Foro Sozialaren bigarren zatian, Irunen, aztertu zuten iheslarien gaia. Argazkia: EITB MEDIA

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Foro Sozialak nabarmendu duenez, "motibazio politikoko delituengatik ihes egindako iheslarien auzia" konpondu beharra dago, eta erakundeei "prozedura judizialik ez daukaten edo dagoeneko preskribatuta dauden prozedurak dauzkaten iheslarien itzulera erraztea" eskatu die.

Foroak oharra bidali du gaur Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate ETAko kide ohiak Euskal Herria itzuli berri direla eta Josu Lariz Iriondo deportatuaren bizitzari buruz Iruñean estreinatu berri den "Kaxa Hutsak" dokumentala baliatuta.

Horren ustez, gertakariok "mahai gainean jarri dute 41 pertsonak, horietatik zortzi erbesteratuk, oraindik bizi duten errealitate zaila". Foro Sozialaren arabera, "arazo ezezaguna da, agenda mediatikotik kanpo dagoena", eta auzia "konponbidearen agendan" sartu behar dela nabarmendu du.

Gogorarazi duenez, Sarrionandiaz eta Azkaratez gain, ETArekin nolabaiteko lotura zuten 200 iheslari Euskal Herrira itzuli dira 1998tik. "Presoen auzian normalizazio politikoa lortzeko bidean aurrera egiten ari den testuinguru honetan", uste du "arazo honi arrazoizko epe batean irtenbide integrala emateko beharrezko baldintzak sortzen lagunduko" luketela IV. Foro Sozialak Irungo bileran egindako proposamenak.

Orduko hartan, sei gomendio eman zituen Foro Sozialak. Lehena, "prozedura judizialik ez daukaten edo dagoeneko preskribatu diren prozedurak dauzkaten iheslarien itzulera erraztea" eskatu zieten erakundeei.

Bestalde, "torturaren bidez lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik dituzten pertsonen itzulera bermatzea" galdegin zuten, "horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz"

Hirugarrenik, hau aipatu zuten: "Justizia trantsizionala baliatuz, irtenbide juridiko bat artikulatzea oraindik ere 'deportazio zigorra' pairatzen ari diren guztientzat. Deportazioa esaten diogu hirugarren herrialde batean halabeharrez egiten den egonaldi luze eta murriztuari, eta nabarmendu beharra dago zigor hori pairatzen dutenak inolako prozedura judizialik gabe eta, beraz, egoera hori ezarri dien inolako ebazpenik gabe izan direla deportatuak".

Halaber, eskatu zuten "preskribatzear dauden prozedura judizialak errepresio helburuekin ez erabiltzea (preskribatu baino zenbait egun lehenago berraktibatuz —hainbatetan gertatu den bezala—". Horren ildoan, Auzitegi Nazionalari galdegin zioten "iheslarien abokatuei haien egoera juridikoaren inguruko informazioa ukatzeari uztea", ukatze horrek eragotzi egiten baitu "iheslarien erregularizazio juridikoa lortzeko egon litezkeen aukerak aztertzea".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena