Politika -
Koalizioaren 10. urteurrena
Matutek, "boterean betikotu" nahi duenari: "EH Bilduk hazten jarraituko du"
EH Bilduren "Estatu eta gobernu" helburuak "gaur duela 10 urte baino gertuago daude", adierazi du diputatuak Galdakaon.
EiTB Media | Agentziak
Koalizioak "hazten eta bere xedeak betetzen jarraituko" duela ohartarazi die Oskar Matute EH Bilduko diputatuak "boterean betikotzea" soilik bilatzen duten alderdiei.
Galdakaon (Bizkaia) ekitaldi politiko batean parte hartu du Matutek. EH Bilduren hamargarren urteurrena dela eta erakusketa antolatu dute. Idurre Bideguren senatariak eta Iñigo Hernando alkateak Matute lagundu dute ekitaldian.
EH Bilduren "Estatu eta gobernu" helburuak "gaur duela 10 urte baino gertuago daude", adierazi du diputatuak.
"Horregatik, boterean betikotzea beste helbururik ez duten euskal alderdiek eraso egiten, bilatzen gaituzte, eta horretarako gezurra eta difamazioa erabiltzeko zalantzarik ez dute", azpimarratu du.
"Gaur albiste bat eman nahi diet: hazten eta gure helburuak betetzen jarraituko dugu", erantsi du.
Bestalde, Idurre Bideguren senatariak azaldu duenez, EH Bilduk bere lehentasunak "oso argi" ditu: "jendea, euskal gizartea", adierazi du.
"Eta orain, azken urteetan zerbitzu publikoak suntsitu dituztenek, eurak bihotzarekin gobernatzen dutela esaten digute lotsagabe. Ez, zuek ez duzue bihotzarekin gobernatzen, ezta pentsatzen ere, diru-zorroarekin baizik", kritikatu du.