Politika -

Mahai Politikoa

Otegi, EH Bildu beste lau urtez zuzentzeko zortzi pertsonaren buru

Otegi idazkari nagusiarekin batera, Garikoitz Mujika; Peio Otxandiano; Larraitz Ugarte; Sonia Jacinto; Gorka Elejabarrieta; Ainhoa Beola eta Onintze Oleaga proposatu ditu koalizioko zuzendaritzak.

Zerrendaren berri eman dute Unai Urruzunok eta Ainhoa Beolak. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduren zuzendaritzak proposatutako zerrendaren berri eman dute Unai Urruzunok eta Ainhoa Beolak
Zerrendaren berri eman dute Unai Urruzunok eta Ainhoa Beolak. Argazkia: EH Bildu

EiTB Media| Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko Mahai Politikoak Arnaldo Otegi zerrendaburu proposatu du datozen lau urteetan koalizioa zuzentzeko.

Unai Urruzuno eta Ainhoa Beola bozeramaileek EH Bilduren zuzendaritzak planteatutako zerrendaren berri eman dute larunbat honetan. Egungo krisiaren erronka garrantzitsuei aurre egiteko zerrenda "oso sendoa eta trebatua" dela uste dute. Hala ere, apirilaren 26tik 29ra beste zerrenda batzuk aurkezteko aukera dagoela gogorarazi dute.

Otegi idazkari nagusiarekin batera, Garikoitz Mujika (zuzendari nagusia), Peio Otxandiano (Programa), Larraitz Ugarte (Komunikazioa), Sonia Jacinto (Antolakuntza), Gorka Elejabarrieta (Nazioarteko Harreman Politikoak), Ainhoa Beola (Arlo Instituzionala) eta Onintze Oleaga (Udal Politikak) proposatu dituzte.

Zuzendaritzak "aho batez" proposatu du zortzi kideko zerrenda. "Gizarte bidezkoago bat nahi duen eragile eraldatzaile" gisa eta "gobernatzeko asmoa" duen indar politiko gisa "pauso kualitatibo garrantzitsua eman" nahi dute.

Koalizioaren bigarren biltzarra pandemiak baldintzatu du hilabeteetan zehar, baina "EH Bilduko militantziaren parte-hartze handia" izan da "ezohiko egoeran". Horrela, tokian tokiko 358 batzar baino gehiagotan, 'online' bileretan eta "eztabaida guneetan 8.200 kide baino gehiagok" hartu dute parte.

Orain, aurkeztutako zuzenketak eztabaidatzen ari dira militanteak, eta "datozen egunetan" onartuko dituzte.

Datozen lau urteetarako Mahai Politikoa maiatzaren 8an bozkatuko du EH Bilduk, eta maiatzaren 9an BECen ekitaldia egingo du, "segurtasun neurriak betez eta osasun egoerak uzten baldin badu", biltzarrari amaiera emateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Sortu Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak