Politika -
Segurtasun Plana
Segurtasun Plan Orokorrak mehatxutzat hartzen ditu pandemiak lehen aldiz
Segurtasun Sailak Segurtasun Publikoaren 2020-2025 Plan Orokorra aurkeztu du, Euskadi benetako eta hautemandako segurtasun maila "bikainetan" kokatzea helburu duena.
O.P. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Josu Zubiaga sailburuordeak "Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2020-2025 Plan Orokorra " aurkeztu dute gaur, 2014-2019ko plana eguneratu eta gaur egun euskal gizartearentzako arrisku eta mehatxuen balorazio berri bat egiten duena, bai eta horiei aurre egiteko dituen baliabideena ere.
Plan honek helburu du Euskadi erreferente moduan kokatzea du Europa mailan, "benetako eta hautemandako segurtasunaren maila bikainekin". Herritarren pertzepzioaren adierazlea 2025ean 7,5etik gorakoa izatea nahi da (azken aldiz neurtu zenean, 2019an, 6,93koa izan zen). Bestalde, herritarrek Ertzaintzari, udaltzaingoei, 112ko arretari, Euskalmeten informazioari edo trafiko-zerbitzuari buruz egindako balorazioa 2025ean 7,5 eta 8,5 artean kokatzea ere bilatzen du.
Dokumentu estrategikoak 4 erronka, 12 ildo estrategiko, 52 ekimen eta 166 ekintza zehatz jasotzen ditu, eta horiekin Segurtasun Integralerako Euskal Ereduranzko trantsizioa osatzen da. Eredu horrek modu transbertsalean antolatzen ditu Euskadiko segurtasun publikoak hartzen dituen lau eremuetako politikak (polizia, larrialdiak, bide-segurtasuna eta joko eta ikuskizunak), eta baliabideak optimizatzea bilatzen du, ahalik eta eraginkortasun handienarekin eta modu lerrokatu eta koordinatuenean erantzuteko, ezarritako lehentasunen arabera.
Planak, guztira, 17 arrisku eta mehatxu mota zerrendatzen ditu (aurreko planean baino bost gehiago), Euskadiko segurtasunari bereziki eragin diezaioketenak, hala nola arrazoi geologiko, klimatiko edo biologikoek eragindako arrisku naturalak; arrisku teknologikoak delitu informatikoen kasuan; eta giza ekintza edo jarduerek eragindako arrisku antropikoak, izan nahita nola nahi gabe eragindakoak.
Ekimen eta ekintza zehatzak
Segurtasun Plan Orokorrak lehen aldiz jaso ditu euskal jendartearentzat arrisku gisa epidemia eta pandemiak. Testuak jasotzen duenez "pandemia berriak bere gordintasun osoan erakutsi du mundu globalizatu honetan epidemiek eta pandemiek maila guztietan izan dezaketen indar suntsitzailea, eta horren ondorioz, horrelako mehatxuei lotutako kritikotasunaren balorazioa errotik aldatu behar izan da.
Bestetik, eskuin-muturreko taldeen partetik bizikidetza demokratikoaren aurkako mehatxuak ere jasotzen dira, Euskadin "eskas" izan arren, ezin baitira bazter utzi "nazioartean duten bilakaera" ikusita.
Emakumeen kontrako indarkeriak ere mehatxu izaten jarraitzen du; arlo horretan Ertzaintzaren eta udaltzaingoen koordinazioa nabarmentzen du planak, emakume biktimen arriskuak "ebaluatu eta neurtzeko" eta indarkeria matxistari erantzun sendoagoa emateko.
Nola ez, planak bestelako arlo batzuei ere erreparatzen die, hala nola, zibersegurtasuna eta antolatutako talde kriminalen kontrako borrokari, bai eta bide-segurtasunari eta ingurugiroari ere.