Politika -

EH BILDU

Bilkideek Otegi hautatuko dute koordinatzaile nagusi, beste hautagairik ez denez

Datorren maiatzaren 6tik 8ra bozkatu ahal izango dituzte bilkideek hautagaitzak, eta maiatzaren 9an BEC-en emango diote amaiera azken asteetako hautaketa prozesuari.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren zuzendaritza politikorako hautagaitzak aurkezteko epea amaitu da dagoeneko eta hautagaitza bakarra aurkeztu da. EH Bilduren egungo Mahai Politikoak iragarri zuen zuzendaritza politikorako bere proposamena aurkeztuko zuela eta, beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, bilkideek maiatzaren 6tik 8ra bitartean bozkatu ahal izango dute Arnaldo Otegi buru duen zerrenda. Otegi izango da, beraz, EH Bilduko koordinatzaile nagusi datozen lau urtetan ere.

Azken asteotako hautaketa prozesuari amaiera emango diote maiatzaren 9an, Barakaldoko BEC-en "segurtasun neurri guztiak betez" egingo duten azken ekitaldiarekin.

Otegirekin batera honako hauek osatzen dute hautagaien plantxa: Garikoitz Mujika, zuzendari nagusia; Pello Otxandiano, Programako zuzendaria; Larraitz Ugarte, Komunikazioko zuzendaria; Sonia Jacinto, Antolaketako zuzendaria (zuzendari nagusiaren ondokoa izan da orain arte); Gorka Elejabarrieta, Harreman eta Nazioarteko Politikako zuzendaria; Ainhoa Beola, Politika Instituzionaleko arduraduna (Programako zuzendari izan da orain arte), eta Onintze Oleaga, Udalgintzako arduraduna.

Halaber, EH Bilduren zuzendaritza politiko nazionalerako hautagaitzaz gain, bilkideek herrialdeko arduradun politikoetarako euren hautagaitzak aurkeztu ahal izan dituzte. Herrialde  bakoitzeko hautagaitza bat aurkeztu da: Ibon San Saturnino Arabako arduradun politikoa izateko, Asier Vega Bizkaiko arduradun politikoa izateko, Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoa izateko eta Miren Zabaleta Nafarroako arduradun politikoa izateko.

Azkenik, EH bilduko militantziak maiatzaren 6tik 8ra bitartean bozkatuko ditu EH Bilduko Berme Batzordea eta Kontuen Batzordea osatuko dituzten kideak ere. Ander Bilbaok, Ino Galparsorok, Antton Izagirrek, Lore Erriondok eta Iban Arrunategik osatzen dute Berme Batzorderako hautagaitza. Kontuen Batzorderako Maider Otamendi, Manuel Fraile eta Gorka Ortiz de Guinea aurkeztu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Berriak Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak