Politika -
Legegintzaldi berria
Basagoiti Barne ministro berriarekin batzartu da Madrilen
ETA desagertu arte "zorrotz" agertzen jarraitu behar dutela agertu dute biek, Euskadiko PPk azaldu duenez.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministro berria eta Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea batzartu egin dira astelehen honetan Madrilen, ETAk indarkeria amaitu eta gero zabaldutako egoera aztertzeko, alderdiak berak jakinarazi duenez.
Aipatu iturrien esanetan, biek iritzi bera agertu dute, hots, ETA desegin arte "zorrotz" agertzen jarraitu behar dutela. Halaber, ministroak Euskadiko egoera "gertutik" ezagutu nahi izan duela jakinarazi dute.
Euskadiko PPk azaldu du Basagoiti eta Fernandez Diaz bi kontutan agertu direla ados: alde batetik, zorroztasunari eutsi behar zaiola, eta bestaldetik, ETAk indarkeria utzi izana albiste "ona" izan dela eta horrek piztu duen itxaropena "aprobetxatu" beharra dagoela.
Basagoiti "pozik" dago bilerarekin, aurreko Barne ministroarekin zuen harreman ona egungoarekin "hobetu" egingo dela egiaztatu baitu.
Euskadiko 'popularren' buruak beste hainbat ministrorekin batzartu asmo du, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Mariano Rajoyrekin ere biltzeko asmoa dauka, baina "erantzukizun instituzionala" kontuan hartuta, Espainiako Gobernuko presidentea lehenik eta behin Patxi Lopez lehendakariarekin batzartu beharko dela esan dute aipatu iturriek.