Politika -
Elkarbizitza
EAEko hezkuntza sistemak biktimekiko elkartasuna sustatuko du
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta, besteak beste, EAEko unibertsitateek eta eskola patronalek "Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Konpromisoa" sinatu dute. Gehiengo sindikalak ez du txostena sinatu.
Erredakzioa
EAEko hezkuntza sistemak biktima "guztiekiko" elkartasuna sustatuko du eta, giza eskubideen urraketen edozein justifikazioren aurrean, jarrera kritikoa indartuko du.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariek, UGT eta CCOO sindikatuek eta bost elkarte bakezalek sinatu dute gaur, Bilbon, "Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Konpromisoa". Hezkuntzako gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEE-EILAS) ez du idatzia sinatu.
Konpromisoa Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak irakurri du. Euskal gizartea "pozik eta itxaropentsu" bizitzen ari den "egoera erabakigarri" honetan, hezkuntza sistemak gazteen prestakuntza indartu beharko duela dio agiriak, etorkizunean "bizikidetasun garai baketsu, aske eta iraunkorra berma dezaten".
Akordioak bost puntu orokor biltzen ditu, eta ez du neurri zehatzik proposatzen. Lehenengo puntuan, “beste ezeren gainetik” giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren errespetua oinarri duen heziketaren aldeko ahaleginak areagotzeko konpromisoa hartzen dute sinatzaileek.
Giza eskubideen urraketak justifikatzen dituztenen aurreko jarrera kritikoa indartzeko eta urraketa horien biktimekin elkartasuna eta laguntza erakusteko jarduerak bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute idatziaren alde egin dutenek .