Politika -
Koronabirusa
Urkullu: "Itxaropenerako arrazoiak baditugu, baina azken ahalegina egin behar dugu"
Pandemiaren kudeaketan egindako akatsak aitortu ditzala eskatu dio EH Bilduk lehendakariari. Elkarrekin Podemosek esan du alarma-egoera ezartzea babestuko lukeela.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
"Bidearen amaieran gaude, baina azken ahalegina egin behar dugu". Hala azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiari egoerari buruzko azalpenak ematerakoan Legebiltzarreko kontrol-saioan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun egoerak "argi eta garbi" hobera egin duela eta kutsatzeen joera beheraka egiten ari dela ziurtatu du.
Duela zenbait aste Osakidetzak bertan behera utzi zituen premiazkoak ez diren ebakuntzak, ospitaleak eta zaintza intentsiboetako unitateak gainezka zeudelako. Gaur, lehendakariak esan du bide onetik jarraituz gero, "laster" berrabiaraziko dituztela ebakuntza horiek egiteko deialdiak.
Bestalde, Urkulluk aitortu du alarma-egoeraren amaieraren eta ebazpen judizialen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ez dituela ezarri nahiko lituzkeen neurri murriztaile guztiak, baina erantsi du ez dela kexatzeko unea: "Hainbat neurri eta gomendio biltzen dituen dekretu argi bat daukagu".
Ildo horretan, datozen bi edo hiru asteak "erabakigarriak" izango direla berretsi du eta txertaketa prozesua azkartzea lehentasuna izango dela esan du, 50 urtetik gorako pertsona guztiek ahalik eta azkarren izan ditzaten bi dosiak jarrita.
Gauzak horrela, herritarrei dei egin die joan-etorriak mugatzeko eta talde handietan biltzea ekiditeko.
Horrez gain, datu epidemiologiko batzuk aipatu ditu eta esan du intzidentzia-tasa metatuak ia 200 kasuko beherakada izan duela bi asteetan –egun 350 kasu dira-, zainketa intentsiboetako unitateetan paziente gutxiago dagoela eta positibotasun-tasa % 5etik jaitsi dela.
"Itxaropentsu egoteko arrazoiak baditugu, baina azkeneko ahalegina egin behar dugu", azpimarratu du.
Bestalde, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak lehendakariari esan dio pandemiaren kudeaketan egindako akatsak aitortu behar dituela, eta ohartarazi du autogobernuak ez dituela bermatzen tamaina honetako larrialdi bati aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza babestuko lukeela, Espainiako Gobernuari alarma-egoera ezar dezala eskatuko balio. Halaber, Osakidetzan langile gehiago kontratatzeko eta ospitaleetan ohe kopurua handitzeko galdegin du.
Carlos Iturgaizen (PP+Cs) esanetan, berriz, Pedro Sanchezek Urkullu gutxietsi egin du, alarma-egoera luzatzeko egin dizkion eskaerak kontuan hartu ez dituelako.
BIDEOA | Autokritikarik ez egitea aurpegiratu dio oposizioak lehendakariari