Publizitatea
Itxi

2021/06/10

11:52

Politika

Elkarrizketa

Miren Gorrotxategi: "Ez dugu adosteko bertigorik baina hau ez da ezkontza bat ere"

Miren Gorrotxategik dio EAJ ete PSE-EErekin pandemiari aurre egiteko Legea babesteko akordioa sinatu izanak ez duela "Eusko Jaurlaritzarekin elkar ulertzeko aro berria zabatzen".

0:57
Miren Gorrotxategi
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko bozeramaile Miren Gorrotxategik Radio Euskadiko Boulevard albistegian adierazi duenez, Pandemiari aurre egiteko Legea babesteko EAJ eta PSE-EErekin sinatutako akordioak "ez du Eusko Jaurlaritzarekin elkar ulertzeko inongo aro berririk zabaltzen".

Kexatu egin da adostasunik lortzen ez dutenean beldurra izatea leporatzen zaielako, eta hala egiten dutenean, elkar ulertzeko etapa berri bat irekitzen dela esaten delako. Zentzu horretan, pandemiari aurre egiteko Legea akordio puntuala baino ez dela esan du. Bere hitzetan, "Legea sartu zenean baino hobea da orain, lehen Konstituzioaren aurkakoa zelako".

Argi utzi nahi izan du, bestetik, Aurrekontuen Legeari dagokionez, "kasu bakoitzean eta edukiaren arabera" adostuko dutela.

Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, "ez dugu bertigorik adosteko, baina hau ez da Eusko Jaurlaritzarekiko ezkontza bat ere". 

LABIren Batzorde Teknikoa ere aipatu du, "ezin da politikariz osatuta egon".

Gai horiez gain, hilekoaren pobreziari buruz ere galdetu diote, taldeak horren inguruan Legebiltzarrean aurkeztutako mozioaren harira. Gorrotxategik adierazi duenez, Legebiltzarrean hilekoaz hitz egiten zen "lehen aldia" zen. "Badirudi hilekoa gutako bakoitzak bere kontura kudeatu behar duen kontu partikularra dela, eta ez, hilekoa kontu politikoa ere bada, gure osasunean, gure lanean eta gure sentimenduetan eragina duelako; eta beraz, tabu hori gainditu eta Legebiltzar batean hilekoaz hitz egin ahal izatea eta hilekoaren pobreziari aurre egiteko hartu beharreko neurriez hitz egitea zinez garrantzitsua" da Gorrotxategirentzat. 

Eusko Jaurlaritzaren soziometroari buruz ere galdetu diote, izan ere, haren arabera, % 21ek soilik babesten du independentzia."Independentzia ez dago lehentasunetan, jendarteak badaki horrekin ez direla gure eguneroko arazoak konpontzen, pandemia ez dela independentziarekin gainditzen, eta soldatak ere ez direla duinagoak izango independentziari esker". Hala ere herrien erabakitzeko eskubidea, demokraziaren oinarri izanik, "beti defendatuko" dutela gainera du "eta onartuko genuke emaitza, dena delakoa izanda ere". 

Soziometroaren arabera, gainera, herritarren % 63k dio politika "gutxi edo batere ez" zaiola interesatzen. Horren harira adierazi du datu horrek bi esanahi dituela: batetik, "herritarrek politikarekiko duten urruntasuna eta politikariek herritarren eguneroko arazoekiko duten distantzia berdinak direla", eta, bestetik, "antipolitikaren babesleen interesak islatzen" dituela.

Bizitzeko Gutixeneko Diru-sarrerari buruz Jaurlaritzaren haserrea ulertzen duela esan du "badakit zaila izaten ari dela kontua, eta ez luke behar".

Rajoyren lan erreformari dagokionez, hura indargabetu egin behar dela dio PSOErekiko "akordioaren baldintzetako bat delako". 

Trans legeari eta Basauriko azken eraso homofoboari buruz, adierazi du, "kontu horiekin zerikusia duten gaietan LGTBI mugimenduak esaten duenari begiratu behar zaiola nondik jo argi izateko".

Urdaibaiko bigarren Guggenheimari buruz ere galdetu diote, "proiektu polita da, baina, funts publikoekin kultura finantzatzeaz ari gara eta Guggenheimek jada kulturara bideratutako funts publikoen % 10 jasotzen du, eta Guggenheim Fundazioak ez du inongo kaudimen arazorik. Beraz, proiektu polita izan arren, pentsatu beharko genuke ea zentzurik ba ote duen arazo ekonomikorik ez duen fundazio pribatu bati are diru publiko gehiago emateak". Adierazi du ez duela proiektu hori babesten, "kultura modu anitzetan adierazten da eta uste dut lehentasuna eman behar zaiela adierazpide eta tokiko eragile txikiagoei, itotzen ari baitira".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;