Politika -
Memoria historikoa
Nazien kontzentrazio-eremuetara deserriratutako 80 gipuzkoarrei omenaldia egin diete
Mauthausen, Buchenwald edo Dachau bezalako lekuetan jasan zituzten izugarrikeriak ahanzturatik berreskuratzeko balio izan du ekitaldiak; izan ere, horietako askok bizitza galdu zuten.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Erregimen nazia erori eta Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik 76 urte dira. Hirugarren Reicharen sarraski eremuetan gosea, gaixotasuna, torturak eta heriotza jasan zituzten 80 gipuzkoarrei omenaldia egin diete herrikideek gaur, Gipuzkoako Aldundiak antolatuta.
Gipuzkoar horien zati bat, frankismoaren iheslariak, Bigarren Mundu Gerraren hasieran eraman zituzten eremuetara, mendebaldeko frontean preso egin ondoren. Gainerakoak gatazkan zehar bidali zituzten kontzentrazio-eremuetara, Frantzia okupatuan erresistentziaren ekintzetan atxilotu ostean.
Ekitaldi solemne batean bihotzeko omenaldia egin die Gipuzkoako Aldundiak guztiei, jaioterrian jasotzen duten aurrenekoa. Mauthausen, Buchenwald edo Dachau bezalako lekuetan jasan zituzten izugarrikeriak ahanzturatik berreskuratzeko balio izan du ekitaldiak; izan ere, horietako askok bizitza galdu zuten.
Etxahun Galparsorok, Hirugarren Reicharen eremuetara bidalitako euskal herritarren inguruko ikerketaren egileak, eta Florentino Mariñelarena La Ilusion kolektiboko kideak omenaldian hartu dute parte. Bestalde, Iñaki Dieguezek musika jarri du ekitaldian.
"Isiltasuna hautsi eta nazien izugarrikeria jasan zuten gipuzkoarren memoria aldarrikatu nahi dugu", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Omenaldia Foru Jauregiaren egoitzan egin dute, Donostian, nazismoaren 80 biktima haien 27 senideren aurrean.
"80 izen, haien abizen, senitarteko, ideal eta bizitza proiektuekin; Hirugarren Reicharen makineriak zenbaki bihurtu nahi izan zituen, izenak kenduz duintasuna kenduko balie bezala, baina gaur izen-abizenekin gogora ekartzen ditugu", esan du ahaldun nagusiak.
Nazien izugarrikeriak bertatik bertara bizitzeaz gain, ondoren "memoria faltaren zigor gehigarria" nozitu zuten gipuzkoarrek, Olanok erantsi duenez. Orain ekitaldiarekin "isiltasuna hausteko eta memoria aldarrikatzeko ekarpen txikia" egin nahi du Aldundiak, azpimarratu duenez.
"Europako historiaren garairik ilunenetariko batean, totalitarismoak zuzenean astindu zituen. Armen bidez Espainian boterera iritsi zen diktaduraren aurka borroka egina zuten batzuek dagoeneko. Beranduago Alemania naziaren atzaparretatik ihes egiten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Kasu guztietan, gure gizartearen bizikidetza eta demokrazia suntsitu nahi zutenen aurrean izan ziren", laburbildu du agintariak.
"Gainera, bizirik atera zirenak ezin izan ziren Gipuzkoara itzuli, diktadura frankistaren atzaparretan erortzeko beldurragatik", deitoratu du Olanok. Ahaldun nagusiaren ahotan, gainera, "bigarren zigor bat" jasan behar izan zuten. "Isilagoa, baliteke, baina mingarria, nolanahi ere, memoria falta", salatu du.
"Bahitzaileen hilondoko mendekua, begi-bistakoagoa mugaren bestaldean, 1936ko gerraren galtzaileen aurkako errepresioa eta isiltasuna nagusi baitziren", nabarmendu du Olanok.
"Isiltasun hori amaitzea eta haustea helburu izan du gaurko ekitaldiak, hain zuzen ere", azaldu du. "Egun, Europa zaharrean barrena populismo xenofoboak eta ultraeskuina losarik gabe berriz zabaltzen ari direnean, axolagabekeriaren aurka egitea beharrezkoa da", adierazi du ahaldun nagusiak.