Politika -
EH Bildu Nafarroa
Zabaletak "Nafarroa burujabea" lortzeko eraldaketa sozioekonomikoaren alde egin du
Gainera, EH Bildu Nafarroaren buruak azpimarratu du alderdia "eraldaketa politikoa eta soziala sustatzeko tresna aproposa" dela.
EITB Media | Agentziak
Miren Zabaletak, EH Bildu Nafarroako arduradun nagusia, hiru "erronka nagusi" dituztela azaldu du: egungo egoera sozioekonomikoaren "eraldaketa sakona", "Nafarroa burujabe" baterako bidea abiaraztea eta "elkarbizitza eraikitzen lagunduko duen eredu bat" sortzea.
Berriozarko Musika Eskolan, eta "Hamar urte baino ez Nafarroa eraldatzen" lelopean, Miren Zabaletak bere burua aurkeztu du militanteen aurrean, EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile gisa.
Alderdiak Foru Erkidegoan izango duen zuzendaritza berriko kideak ere ekitaldian izan dira, Zabaleta babesten. Elkarrekin Nafarroako "eraldaketa politikoa eta soziala sustatzeko tresna aproposa" direla aldeztu dute, eta Foru Erkidegorako zein "Estatu mailako eskuinaren aurkako gehiengo alternatiboak sortzeko" beharrezkoak direla azpimarratu.
Hala, alderdiaren 10 urteko eskarmentuaz aritu da Zabaleta, "eskuinaren erregimenaren oinarriak" hankaz gora jarri dituztela azalduz. Eskuineko alderdientzat "Nafarroa ulertzeko modu bakarra" dagoela salatu du, "Euskal Herriko errealitate politikoa eta soziala anitza" dela babestu beharrean, eta "behar duen kudeaketa demokratikoa" egin beharrean.
Bada, formazio nafarraren buruzagi berriak EH Bilduren "batailak" aipatu ditu: besteak beste, egun dugun "kolapso" arriskutik aterako gaituzten produkzio zein kontsumo ereduak sortzea, "ondasunen bidezko banaketa" demokratikoa eginez autoritarismotik gailentzea, eta, covid-19aren krisiaren baitan, Europako funtsen inguruan hartutako erabakiak ezbaian jartzea.
Zabaletak adierazi duenez, alderdiak "hiru erronka nagusi" ditu; alde batetik, "ideien bataila"; bestetik, udalerrietan aurrera egitea eta "herriz herri alternatiba berriak sortzea posible dela erakustea"; eta, azkenik, herritarrentzat lanean jarraitzea, "umiltasunez, zintzotasunez, jendearekin eta jendearentzat, ezker abertzalea erakundeetan zein kaleetan indartuz".