Politika -
Manuel Fraga zendu da
Rajoy: 'Mendeko politikari handienetako bat hil da'
Alderdi gehienek goratu egin dute Manuel Fragaren ibilbide politikoa.
Erredakzioa
Gobernua eta PP
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko eta PPko presidenteak adierazi du Manuel Fraga "mendeko politikari handienetako bat" izan dela.
Rajoy PPko fundatzailea zenaren hil-kaperan izan da gaur goizean, Maria Dolores de Cospedal alderdiko 'bigarrena'rekin batera.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, gobernuburuak goratu egin du Fragaren ibilbide akademikoa, profesionala eta politikoa, eta Espainiako trantsizioan "giltzarria" izan zela gogorarazi du.
Rajoyk azaldu du 22 urte zituela ezagutu zuela "Manuel jauna", eta orduan buruzagi politiko garrantzitsua zela jada.
Bere esanetan, Fragak indarrak batu zituen, eta horren ondorioa gaur egun PP alderdi bozkatuena dela da.
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidentea "harro" agertu da Fragarekin, "espainiar, galiziar eta politikari gisa", eta hiru dolu-egun iragarri ditu "Galizia osoan".
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearen esanetan, Fragak lortu egin zuen eskuin espainiarrak "balio demokratikoak onartzea". "Fragari esker, Espainiak hobera egin zuen eta ultra gutxiago daude".
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko eta PPko presidente ohiak nabarmendu du Fraga patriota eta Estatu-gizona zela, eta Espainiaren eta espainiarren zerbitzura aritu zela.
PSOE
PSOEko zuzendaritzak doluminak adierazi dizkie Fragaren senideei eta lagunei eta PPko jarraitzaileei.
"Demokratok esker onez gogoratuko dugu beti 1978ko Konstituzioa sortzeko lana", gaineratu du.
Halaber, eskuinean izan duen lidergoa, eta parlamentario gisa eta Galiziako Gobernuan egindako lana ere aintzatetsi diote.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde ohi eta PSOEko idazkari nagusigaiak esan du PPko fundatzailea "zerbitzari publiko aparta" zela, eta "arazo askori" konponbidea eman diela.
IU
Cayo Lara IUko buruak "inoiz baino gehiago" aldarrikatu nahi izan du memoria historikoa, eta aipatu du Julian Grimau buruzagi komunistaren kasua (fusilatu egin zuten 1963an, Fraga Informazio ministro zenean).
Halaber, Fraga PPk frankismoa gaitzetsi gabe hil dela gogorarazi du, eta Garzon epailea "Memoria Historikoa defendatzeagatik" epaituko dutela ohartaraz du.
CiU
Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak doluminak adierazi ditu eta Fragari zeregin "giltzarria" aitortu dio trantsizioan.
EAJ
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak doluminak adierazi ditu Fraga "gizakia" zen heinean, baina baztertu egin du haren ibilbide politikoa goratzea: "Euskal nazionaliztok ez dugu goratuko Manuel Fragaren tankerako pertsona bat".
Beste batzuk
Espainiako errege-erreginek eta Asturiasko printze-printzesak ere telegramak igorri dituzte, eta horietan, Fraga "Estatu zerbitzari handia" izan dela adireazi dute.
Santiago Carrillo PCEko idazkari nagusi ohiak esan du Fraga "talentu handikoa" zela, "oso eskuindarra" eta "oso autoritarioa". Francoren garaian ministro izan bazen ere, Konstituzioaren onarpenan "zeregin positiboa" izan zuela aitortu du.
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak esan du Fraga politikari "polemikoa" izan dela, eta haren ibilbide politikoa "historiaren parte" dela.
UGT sindikatuak Konstituzioaren sorkuntzan egindako lana aintzatetsi du, eta horrenbestez, demokraziari ekarpena egin ziola gaineratu du.
Martxoak 3 elkarteak deitoratu egin du frankismo garaiko krimenak epaitu gabe hil izana.