Politika -

Lan erreforma

Lakuntza: "Espainiar Gobernuak hiru lan erreformak indargabetu behar ditu"

Mitxel Lakuntzak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak, espainiar Gobernuak hartutako konpromisoak betetzeko eskatuko dio Yolanda Diaz Lan ministroari, asteartean, Madrilen.

Mitxel Lakuntza, ELAren idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media
Mitxel Lakuntza, ELAren idazkari nagusia
Mitxel Lakuntza, ELAren idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Confederacion Intersindical Gallega eta Confederacion Sindical Catalanako ordezkariekin batera, lan erreformak indargabetzeko eskatuko dio Sanchezen Gobernuari, Madrilen.

2010, 2011 eta 2012ko erreformak bertan behera uztea eskatuko dute hiru sindikatuetako kideek, Lakuntzak berak "Radio Euskadi"ko elkarrizketa batean azaldu duenez. Lana arautzen duten legeek kaleratzeak errazten dituztela salatu du ELAko idazkari nagusiak, eta Tubacex eta H&M enpresak aipatu ditu.

Batetik, Lakuntzak deitoratu du ez dutela izan Yolanda Diazekin, espainiar Gobernuko Lan ministroa, egoteko paradarik, kargua hartu zueneko protokolo bileratik haratago. Ildo beretik, salatu du Iñigo Urkullu lehendakariekin duela bi hilabete finkatu zutela hitzordua, erreforma fiskalari buruz hitz egiteko, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Hala, Eusko Jaurlaritzak eskubide sindikalak arazo gisa interpretatzen dituela azaldu du Mitxel Lakuntzak, Exekutiboaren pandemiaren kudeaketa kritikatu ostean.

Beste alde batetik, ELAren ordezkaria euskal industriaren egoera kritikoaz aritu da, enpresen itxierak eta langileen kaleratzeak salatuz. Euskaltelen kasua aipatuta, Jaurlaritzak enpresa handiak joaten utzi dituela salatu du. Gainera, Lakuntzak azaldu du beharrezkoa dela enpresen eraldaketa energetikoa eta digitala bermatuko dituen funtsa sortzea.

Azkenik, ELAren idazkari nagusiak mobilizazioak iragarri ditu udazkenerako, eta ez du baztertu greba orokorra deitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Lege berria Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Lana albisteak Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak