Politika -
Erantzuna, sozialistei
Urkullu:'Patxi Lopezen Jaurlaritza hemengoa da, baina ez da benetakoa'
EAJren presidenteak zehaztu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela bere gain hartzen "dagozkion funtzioak" eta EAJ kritikatuz "bere gabeziak ezkutatu" nahi izatea leporatu dio PSE-EEri.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak azpimarratu du Patxi Lopez sozialista buru duen Jaurlaritza "hemengoa" dela, baina ez dela "benetakoa, ez baititu dagozkion ardurak bere gain hartzen".
Urkulluk EAJren presidente hautatu zutenean emandako hitzaldiak jaso dituen kritikei erantzun die horrela RNEn egin dioten elkarrizketa batean.
Besteak beste, Urkulluk esan zuen Euskadik "beste Gobernu bat merezi" duela, "benetako Eusko Jaurlaritza bat, EAJren Jaurlaritza".
Gaur azaldu duenez, Jaurlaritzak azken hiru urteetan "egin ez duenari" buruz ari zen adierazpen horiek egin zituenean.
Urkulluren esanetan, Jaurlaritzak egin zizkion kritikak "gabeziak ezkutatzeko ahalegina" ziren.
Jaurlaritzak gaitzetsi egin zuen Urkulluren hitzaldi "baztertzailea". Haren esanetan, EAJk benetako euskal herritarrak jeltzaleak direla uste duela uzten du agerian.
EAJren helburua
Urkulluk EAJren etorkizuneko erronkak ere izan ditu hizpide eta ohartarazi du "inork" ezin dituela "mugak jarri" alderdiaren helburuei, independentziari besteak beste. Hala ere, helmuga horretara iristeko "akordioan eta adostasunean" oinarritu nahi dutela azpimarratu du.