Politika -
Polizia-operazioa
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Lekeition, Ean kutxazain bat erretzea egotzita
Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte. Patxi Ruiz ETAko presoaren gose grebaren harira egindako protesten baitan kokatzen dute erasoa.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Lekeition, 2020an, Ean (Bizkaia), kutxazain bati su ematea leporatuta. Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte biak.
Ondasun materialen aurkako terrorismo delitua egozten diete Bizkaiko kostan atxilotutako bi lagunei.
Izan ere, Ertzaintzak jakinarazi duenez, 2020ko maiatzaren 13an Ean kutxazain bat erre zutela uste dute, eta eraso horretan beste pertsona batek ere parte hartu zuela. Hirugarren pertsona hori iazko azaroan atxilotu zuten, beste sabotaje batzuk ere leporatuta.
Patxi Ruiz ETAko presoaren gose grebaren harira egindako protesten baitan kokatzen dute erasoa. Amnistiaren eta Askatasunaren aldeko mugimenduak, ATAk, sustatu zituen protesta horiek, desadostasunengatik ETAtik kanporatu zuten presoari elkartasuna adierazteko.