Politika -
Radio Euskadin
Lehendakariaren aurka EAJk eskatu duen zentsura mozioa baztertu du PPk
Iñaki Oyarzabal ETAren amaieraz mintzatu da eta "oinarri demokratikoetan finkatu" behar dela esan du "ETAren inguruak agenda ezarri beharrean".
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal PPko idazkari orokorra Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egon da ETAren amaieraz hitz egiten, baita bizkartzainak kentzearen, PSE-EErekin duten akordioaren eta Kutxabanken aurreikuspenen inguruan ere.
"Indarkeriaren amaiera oinarri demokratikoetan kudeatzeko inoiz baino garrantzitsuagoa da denok bat egitea", esan du Oyarzabalek. Horren harira, "ezin dugu ezker abertzalearen eskakizunetan erori, alderdi demokratiko handiek markatu behar dugu erritmoa", adierazi du.
Alderdi Popularraren proposamena, ezker abertzaleari printzipio demokratikoak bere gain hartzeko prest dagoen ala ez galdetzea da. "ETAren amaierak eskatzen ditugun oinarri demokratikoetan oinarritu behar dira, ETAren inguruak agenda zehaztu gabe", berretsi du. "Gizarteak asko sufritu du eta ezker abertzaleak eman behar ditu pausoak, ez gizarteak".
Espetxe politikaren eta lehendakariak honen inguruan egin dituen adierazpenen inguruan, Oyarzabalek esan du "pena" ematen diola Patxi Lopez "urduritzen hasi dela ikusteak". "Lehendakaria urduri jarri da eta erakundeei eskakizunak egiten dizkie, baina berak hartu behar du lidertza eta ezker abertzaleari exijentziak egin behar dizkio."Presa gutxiago eskatu behar zaio", adierazi du.
Bizkartzainak kentzeaz ere mintzatu da Oyarzabal. "Itsaropenarekin ikusten dugu, baina zuhurtasunez egin behar da. Ezin da ez irizpide ekonomikorik ez politikorik erabili gai honetan. Guk azterketa zehatz bat eskatzen dugu, pertsonalizatua, eta bi gobernuen artean egin behar dela uste dugu", esan du.
Sozialistei eginiko kritikez gain, Oyarzabalek Patxi Lopez legegintzaldia amaitu arte babestuko dutela berretsi du. "Gobernu hau lagunduko dugu euskal erakundeen egonkortasuna mantentzeko zentzuzkoena hori delako".
Larunbatean, Urkulluk, Radio Euskadin Patxi Lopezen aurkako zentsura mozio bat proposatu zuen. Baina "denek zentzu berean arraun egitea onena" dela uste du Oyarzabalek eta horrelakorik egitea baztertu du.
EAJrekin Kutxabankerako egin duten akordioaren inguruan, PPk denek bat egiteko "ahal zuen guztia" egin zuela berretsi du, baina "alderdi sozialista Bildurekin jolasten hasi zen eta negoziazio horietatik aldendu zen Bilduren eskutik", esan du. "EAJrekin lorturiko akordioa ona da Euskadiko finantza sistemarentzat eta merkatuei konfiantza ematen die", gaineratu du.