Politika -

Hauteskundeetatik, urtebete

EAE "ekonomia-hazkundearen eta enpleguaren susperraldiaren bidean" dago, Urkulluren iritziz

Azken hauteskunde autonomikoak egin zituztenetik urtebete igaro denean, lehendakariak nabarmendu du pandemiaren aurkako borrokari eman diola "lehentasuna"; halaber, dioenez, Jaurlaritzak birmoldatu berri duten Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan aritzeko borondatea du.

Urkulluk azken hamabi hilabeteen gaineko balorazioa egin du. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Urkulluk azken hamabi hilabeteen gaineko balorazioa egin du.
Urkulluk azken hamabi hilabeteen gaineko balorazioa egin du. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa "ekonomia-hazkundearen eta enpleguaren susperraldiaren bidean" da; 2020ko uztailaren 12ko hauteskundeetatik urtebete egin den egunean, Urkulluk nabarmendu du pandemiaren aurkako borrokari eman diola "lehentasuna", eta, horrez gain, zehaztu ere zehaztu du Eusko Jaurlaritzak borondatea duela birmoldatu berri duten Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan aritzeko.

Sare sozialetan argitaratutako artikulu batean, Urkulluk nabarmendu du nola Europako Batzordeak uste duen Euskadi dela "berrikuntza handiko lurraldea", eta ziurtatu du EAEk ekin egin diola "ekonomia-hazkundearen eta enpleguaren susperraldiaren bideari"; izan ere, "adierazle ekonomikoetan susperraldia" izan du, eta pandemiagatik galdutako enpleguaren % 80 berreskuratu du". Gainera, haren esanetan, "aurreikuspena da datorren urtean galdutako jarduera eta enplegu osoa berreskuratu ahal izatea".

Pandemiak izan du "lehentasuna"

Testuinguru horretan, lehendakariak aitortu du pandemiaren aurkako borroka eta pandemiaren ondorioak izan direla bere lehentasuna; artikuluan dioenez, Osasun Sailak, Jaurlaritzak eta euskal erakunde guztiek elkar hartu dute kontu horretan, eta elkarlanean egin dute lan.

Urkulluk zehaztu duenez, Euskadi izan da prebentzioan ahalegin handiena egin duen autonomia-erkidegoa: "Egindako testetan, puntako postuetan gaude, eta une oro informazio frogagarria eman dugu". Lehendakariaren ustez, emaitza onak ari dira lortzen, "eta, herritarren osasunari eta ongizateari dagokienez, hobeto gaude"; hala, Euskadin, Estatuko batazbestekoari erreparatuta, "ospitaleratutako, ZIUn ingresatutako edo hildako pertsonako gutxiago daude".

"Estaturen batezbestekoa baino hobeto gaude, halaber, txertatutako eta immunizatutako herritarrei erreparatuta. Pandemiari aurre egiteko neurrietan gorabeherak izan badira ere, Lege bat bultzatu eta onartu egin dugu", esan du.

Bestalde, lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak borondatea duela Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan aritzeko, negoziatzeko eta akordioak ixteko, "sakonean birmoldatu ostean abiatutako garai berri honetan"; borondate horren asmoa da Gernikako Estatutua erabat betetzea.

PSE-EEk Jaurlaritzan duen paper "erabakigarria" nabarmendu du

PSE-EEk ere egin du, astelehen honetan, azken urtebetearen gaineko balorazioa; hala, nabarmendu egin du paper "erabakigarria" duela Eusko Jaurlaritzan, "ekonomiaren eta enpleguaren susperraldirako oso garrantzitsua den une honetan". PSE-EEren esanetan, "ezinbestekoa da gizarte-babesa indartzea, berdintasunik ezaren aurka egitea, eta enplegu eta bizitza duinak izateko eskubidearen alde egitea".

Euskal Sozialisten Gobernu Batzordeak astelehen honetan egin du bilera, Idoia Mendia idazkari nagusi eta lehendakariordea buru; ondorioetan, azpimarratu egin dute Euskadik "behar duen Gobernua" duela, historian gakoa den une honetan, "pandemiari garaitzeko helburua gertuago dagoen eta euskal gizarteak atzeraezinak diren erronkei heldu behar dien honetan; izan ere, garraioa, mugikortasuna, zaintzen politika eta herritarrek eta enpresek teknologiarekin duten harremana aldatu egingo dira".

Mendiaren iritziz, duela urtebeteko hauteskunde autonomikoek erakutsi zuten Euskadiren apustua dela "Gobernu anitz baten aldekoa, herritarren eskabideei erantzuteko gaitasuna duen Gobernu baten aldekoa".  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Hauteskundeak Euskadin 2024 PSE-EE Gipuzkoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa