Politika -

Llopen ordez

PSOEko Ander Gil, Senatuko presidente berria

Orain arte, PSOEk Senatuan izan duen bozeramailea izan da; Pilar Llop Justizia ministro berriaren ordez hautatu dute presidente. Barakaldon jaio zen, eta 2011tik dabil Goi Ganberan.

Gilek Llop ministro berria ordezkatuko du. Agentzietako bideo batetik hartutako argazkia.
Gilek Llop ministro berria ordezkatuko du
Ander Gil, Senatuko presidente berria

3:49

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ander Gil, orain arte PSOEk Senatuan izan duen bozeramailea bera, Senatuko presidente hautatu dute astelehen honetan, bigarren bozketan. Gilek Pilar Llop Espainiako Justizia ministro berria ordezkatuko du, eta Goi Ganberak 1978tik duen hamabigarren presidente bilakatu da.

Gilek 132 aldeko boto eskuratu ditu bigarren bozketan (gehiengo soila behar da horretan), eta, beraz, une honetatik aurrera, Senatuko Presidentetza hartuko du bere gain.

Ezohiko osoko bilkura batean aukeratu dute, bozketa telematiko eta sekretua baliatuz. Hasiera batean, saioaren xedea zen Pilar Llop presidente gisa berrestea, kontuan izanik Madrilgo Asanbleak berriro hautatu du senatari izendapen automatikoan; baina azkenean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbatean iragarritako birmoldaketaren ostean, Estatuko laugarren agintariaren kargua bete gabe geratu zen, eta Ander Gilek hartu du.

PSOEk Gil babestu nahi izan du, eta, hortaz, Adriana Lastra egungo idazkariorde nagusia bertan izan da, bozketaren emaitza eman dutenean.

2017tik izan da bozeramailea Senatuan

Ander Gil Burgosen lortu zuen senatari-akta. Hamar urte daramatza Goi Ganberan, 2011tik, eta 2017tik Talde Sozialistaren bozeramailea da.

1974ko otsailaren 9an jaio zen, Barakaldon, eta Lehen Hezkuntzako maisua da. Mena Haraneko Udalean hasi zen politikari gisa, eta 2011n ekin zion senatari izateari.

Kargua bere gain hartuta, hitzaldia egin du, eta "indarkeriazko diskurtsoak" arbuiatu ditu; esan duenez, horiek "indarkeriazko ekitaldien aurrekoak dira". Halaber, Samuelen hileta salatu du: "Berriro gerta ez daitekeen basakeria da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Espainia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Senatua Espainia