Politika -
Ramon Rubial fundazioa
Patxi Lopez: 'Ez dugu behea jo, nahiz eta batzuek hala nahi'
Enplegua sortzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak indarrak batzea proposatu du.
Erredakzioa
''Jaurlaritza behea jota ikusi nahiko lukete batzuek, baina ez da hala izango'', esan du Patxi Lopez lehendakariak astelehen honetan, Euskadiko sozialismoaren 125. urteurrena ospatzeko Ramon Rubial Fundazioak kaleratu duen argitalpenaren aurkezpenean. ''Jaurlaritzari eraso eginez, Euskadik krisiari aurre egiteko dituen aukerei egiten zaie eraso'', gaineratu du lehendakariak.Euskadi krisiari aurre egiten ari zaiola esan du Patxi Lopezek, eta azpimarratu du bere Gobernuak ez dituela zerbitzu publikoak albo batera utzi. Jaurlaritzak Euskadiko gastu publikoaren % 70a bere gain hartzen duen arren, Gobernuak bere diru-sarrerak planifikatu ezin dituela salatu du Patxi Lopezek, Aldundien ''kudeaketaren eta informazioaren'' menpe dagoelako Jaurlaritza.''Garaia da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak indarrak batu ditzaten, arazo honi aurre egin eta, elkarlanean, Bizkaian enplegua sortzeko. Nire gobernua prest dago'', esan du lehendakariak. ''Defenda dezagun Euskadi elkarrekin, eta bila ditzagun baliabide publikoak modu koordinatu batean erabiltzeko aukerak, familiei eta enpresei laguntza emateko'', gaineratu du.
Finantza sektorearen laguntzak zalantzan jarri ditu
"Murrizketekin soilik ez da arazoa konpontzen. Denak atzeraldian sartzea da lortzen ari direna", ohartarazi du Patxi Lopezek. Halaber, "enplegua sortzeko eta ekonomia sustatzeko neurriak" hartu behar direla gaineratu du.
Ildo horretan, finantza sektoreari milioi euroko laguntzak zergatik ematen zaizkien galdetu du. "Benetako ekonomiari laguntzeko, Euskadin lanpostuak sortzen eta soldatak ordaintzen dituen horri laguntzeko ordea, ez digute baliabide publikoak erabiltzen uzten", esan du.
Lehendakariak EAEn zerga erreforma egin behar dela berriro azpimarratu du, bere ustez "ongizatearen estatuari sostengua eman, iruzurrari modu eraginkorrean aurre egin eta gehien dutenek ordaintzea lortuko" baita erreforma horrekin.