Politika -
Euskararen erabilera
Toki Erakundeen Legea ez da euskaraz ez dakitenentzako "karga", Jaurlaritzaren arabera
EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean aldeztu duenez, arauak ez du Konstituzioaren aurka egiten, ez baitu mugatzen gaztelaniaren erabilera; auzitegiak zalantzak azaldu ditu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadiko Toki Erakundeen Legean ez dago "inolako konstituzio-urratzerik", toki-erakundeek aktak eta dokumentuak erredaktatzeko baliatu ahalko duten hizkuntza erregulatzen duen atalean. Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean argudiatu du hori; izan ere, Auzitegiak zalantzak ditu arauaren konstituzionaltasunaz.
Jaurlaritzaren iritziz, lege horrek ez du ezartzen euskarak gaztelaniarekiko nagusitasunik duenik, eta, halaber, ez da euskaraz egiten ez duen udalbatzako kide batentzako "proba-karga".
Eusko Jaurlaritzak, ostiral honetan, argudio hori eman du, besteak beste, EAEko Auzitegi Nagusia legearen 6.2 artikuluaren konstituzionaltasuna aztertzen ari den bitartean.
Administrazioarekiko Auzien Salak epailearen erabakia helarazi die bi aldeei, biek euren jarrerak azal eta argitu ditzaten , azken erabakia hartu aurretik; hain zuzen ere, Voxek helegitea du aurkeztuta Euskadiko Toki Erakundeen Legeak araututakoa ezartzen duen dekretuaren aurka.
2016ko apirilean onartu zuten
Legea 2016ko apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Salaren iritziz, legeak gaztelania aske erabiltzeko konstituzio-eskubidea eragozten die toki-erakundeetako kideei.
Jaurlaritzak, auzitegiaren zalantzen harira emandako azalpenetan, adierazten du legea "Auzitegi Konstituzionalak ezarritakoari egokitzen zaiola". Hala, gogora ekartzen du Konstituzionalak epaituta duela toki-erakundeek euskara zein gaztelania normaltasunez baliatu ahal dutela haien arteko harremanetan eta partikularrekin ere.
Euskara erabiltzearen alde egiten duten toki-erakundeak, halaber, derrigortuta daude "beharrezko mekanismoak arbitratzeko herritarrek komunikazioak gaztelaniaz ere jasotzeko eskubidea "gauzatu ahal izatera; horretarako, Administrazio publikoarekin dituzten harremanetan, karga edo betebeharra izan litekeen formalitaterik edo baldintzarik ez du zertan izan".
Horixe bera adostu zuen Estatuaren eta EAEren arteko Kooperazio Aldebiko Batzordeak, 2017ko urtarrilaren 11n. Horri esker, garai hartan PPren esku zegoen Espainiako Gobernuak ez zuen konstituzio-kontrakotasuneko helegiterik jarri, legeak Auzitegi Konstituzionalaren doktrinarekin bat egiten zuelakoan.
Gaztelaniaz egiteko balizko mugari dagokionez, Jaurlaritzak uste du Auzitegi Nagusiak "testuingurutik kanpoko gogoetak" egiten dituela, zinegotzien ustezko mugaren edo ezintasunaren gainean: "Horren ondorioz mahaigaineratzen du Salak konstituzio-kontrakotasuna egon litekeela".