Politika -
Elkarrizketa ETBn
PSE, nazioarteko egiaztatzaileekin kolaboratzeko prest
Alfonso Gilek baieztatu du batzordearekin bildu direla: "Ongietorriak izan daitezela garai berriak errotzen lagungarri izan daitezkeenak".
Erredakzioa
Alfonso Gil PSE-EEko Antolakuntza idazkariak adierazi du ETAren su-etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin kolaboratzeko prest daudela, haren informazioek "egiaztatuak" izaten jarraitzen badute.
ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, buruzagi sozialistak esan du "aro berria" eta Espainiako Gobernuak "eman ditzakeen alternatibak" hizpide hartuko dituela Patxi Lopez lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin gaur arratsaldean Moncloan egingo duen bileran.
Egiaztatzaileek ETAn indarkerira itzultzeko asmorik ikusi ez izanaz, Gilek agertu du hori "albiste ona" dela, "garai berriak errotzeko" lagungarri baita.
Horren ildotik, Gilek baieztatu du egiaztatzaileekin batzartu direla: "Ongietorriak izan daitezela aro berria errotzeko lagungarri izan daitezkeenak".
Sozialisten Antolakuntza idazkariaren esanetan, egiaztatzaileek egindako kudeaketa guztien berri eman diete.
Gilek gogorarazi du egiaztatzaileek kalean armekin ez joateko eskatu dietela ETAko kideei, eta garai berriak errotzeko lagungarriena ETA desegitea dela iritzi dio.
Buruzagi sozialistak nabarmendu du "entzun" egingo dituztela egiaztatzaileen hausnarketak, betiere "egiaztatuak" badaude, eta alderdi politiko guztiek ere kolaboratzea espero duela erantsi du.