Politika -
Radio Euskadiko eztabaida
Egibar: 'Ez erabili espetxe politika ETAren aurkako estrategia moduan'
"ETArekin, nahi duen bidearen bitartez, erlazioa mantentzeko" eskatu dio bozeramaile nazionalistak Rajoyri.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak Espainiako Gobernuari "ardurarekin" jokatzeko eskatu dio eta espetxe politika "indarkeriaren aurkako estrategia" moduan ez erabiltzeko erregutu du.
Radio Euskadin egindako eztabaidan, Patxi Lopez lehendakariak egindako adierazpenekin bat egin du Egibarrek, izan ere, Patxi Lopezek "egungo espetxe politikari termino arrotzik ez jartzeko" eta horren ordez, "legediaren beste interpretazio bat" egiteko eskatu zuen.
Mariano Rajoyren gobernuari "egoerak eskatzen duen mailan" egoteko eskatu dio bozeramaile nazionalistak eta "ETArekin, nahi duen bidearen bitartez erlazio bat mantentzeko" alderdi politikoen "babesa" izango duela esan dio, besteak beste, biktimen eta armak uztearen inguruan hitz egiteko.
Gobernuak ETArekin hitz egin behar duela berretsi du Egibarrek; "ezin de erlojua gelditu", gaineratu du.
Bestetik, Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrak "birgizarteratzeko ardura presoek dute, ez Gobernuak", adierazi du eta "ETAk mugitu behar du, ez euskal gizarteak", gaineratu du. "Pilota ETAren eta ezker abertzalearen teilatuan jarri behar da". Gainera, "ezker abertzalearen agenda eztabaidaren erdian" ez jartzeko eskatu du, eta PSE-EEri eta EAJri "ezker abertzalearen soinuan dantza ez egiteko" esan die.
Arabako PSE-EEko idazkari orokorrak, Txarli Prietok, espetxe politikaren "malgutzearen" alde egin du eta ezker abertzalearen debekatutako siglak legeztatzeko eskatu du.