Politika -

Presidenteen Biltzarra

Espainiak abuztuan Pfizerren txertoaren 3,4 milioi dosi jasoko dituela iragarri du Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, eskualdeetako gobernuek 2021ean Espainiak krisitik ateratzeko jasoko dituen ekonomia suspertzeko Europako funtsen % 55era arte kudeatuko dute.

Pedro Sánchez, Espainiako Gobernuko presidentea, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Pedro Sánchez, Espainiako Gobernuko presidentea, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Pedro Sánchez, Espainiako Gobernuko presidentea, ostiral honetan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostiral honetan aurreratu duenez, Espainiak Pfizerren txertoaren 3.400.000 dosi jasoko ditu abuztuan, covid-19aren aurkako txertaketan "aurrera egiteko".

Hain zuzen ere, Salamancako San Esteban komentuan egindako Presidenteen Biltzarrean eman du horren berri, Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidentearekin batera egindako agerraldian.

"Abuztuan Pfizerren txertoaren 3.400.000 dosi jasotzeko akordioa lortu zuen atzo Carolina Darias Osasun ministroak, eta, beraz, 13.000.000 txerto jarrita izatetik 16.000.000 izatera igaroko gara Espainian. Gauzak horrela, uda amaitu aurretik posible izango da espainiarren % 70 txertatuta egotea, eta helburu hori aurreikusi baino lehenago lortuko da", azpimarratu du.

Espainiako Gobernuko presidenteak gogora ekarri duenez, "duela urtebete ez zegoen txertorik" eta egoera guztiz bestelakoa zen; 55.000 langabe gehiago zeuden, milioi bat langile gutxiagorekin, eta Barne Produktu Gordinak (BPG) behera egin zuen. Halaber, iazko bileran, datozen sei urteetan jaso beharreko Europako funtsen lehen akordioa aurkeztu zuen, baina orduan "proiektu bat besterik ez zen".

"Duela urtebete bizi izandako egoera gogora ekartzen badugu, uste dut onerako egin dugula aurrera. Gaur egun txertoa dago, eta herritarren % 56 babestuta dago jada", adierazi du Sanchezek. Gainera, ekonomiari dagokionez, BPGa goranzko bidean dago, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera enplegua sortzen ari da eta Gizarte Segurantzan alta gehiago daude.

Horrez gain, Presidenteen Biltzarrean, despopulazioaren arazoari aurre egiteko asmoz Gobernuak hartutako neurrien balantzea aurkeztuko die autonomia erkidegoetako buruzagiei. Ildo horretatik, estrategia hori 10.000.000 euroko plan nazional batekin gauzatzen hasi dela aurreratu du, eta lurraldeko eremu jakin batzuetarako ekimen garrantzitsua dela nabarmendu du.

"Herritarrentzat oso garrantzitsuak diren gaiak jorratuko ditugu; besteak beste, despopulazioaren arazoari aurre egiteko modua", esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.

Europako laguntzak

Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei jakinarazi dienez, eskualdeetako gobernuek 2021ean Espainiak krisitik ateratzeko jasoko dituen ekonomia suspertzeko Europako funtsen % 55era arte kudeatuko dute.

Horretarako, hainbat irizpide hartuko dira kontuan funts horiek 17 erkidegoen artean banatzeko orduan.

Lehen aurrerakinaren ostean, Espainiak 19.000 milioi euro jasoko ditu 2021ean Europar Batasuneko berreskuratze funtsetik, eta sei hilean behin tarte berriak desblokeatu beharko ditu, Europako Batzordearekin adostutako hainbat helburu eta mugarri betetzen dituen heinean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Pedro Sánchez Gizartea Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa