Politika -
Katalunia
Transferentzien gaiari helduko diote gaur Generalitateak eta Espainiako Gobernuak aldebiko batzordean
2018tik egiten duten lehen bilera da honakoa. Kataluniako Gobernuak 56 eskumen eskatuko ditu. Autodeterminazioaren auzia, aldiz, ez dute hizpide hartuko, gai hori irailerako aurreikusita dagoen elkarrizketarako mahaian aztertuko baitute.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Estatuaren eta Generalitatearen arteko aldebiko batzordeak bilera du gaur Madrilen, 2018tik lehen aldiz, Kataluniako Gobernuaren esku gera litezkeen eskumenen inguruan hitz egiteko. Autodeterminazioaren auzia gai zerrendatik kanpo geratuko da, irailaren hirugarren asterako aurreikusita dagoen elkarrizketarako mahaian aztertuko baitute.
Batzarra 16:00etan hasiko da, Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoetako Ministerioak duen egoitzan. Isabel Rodriguez ministroa izango da Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren buru, eta, besteak beste, Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea, Laura Vilagra Presidentetza kontseilaria eta Jaume Giro Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango dira Kataluniakoaren izenean. Hitzorduaren ostean, Kataluniako Gobernuko ordezkariek prentsaurrekoa eskainiko dute.
56 eskumen eskualdatzeko eskaera eramango du Generalitateak bilerara, eta, tartean, Bartzelonako El Prat aireportuaren kudeaketa, Gizarte Segurantzako eskumenak edota Mossoentzako funtzio gehiago galdegingo ditu Aragonesen gobernuak.
Horren aurrean, bekak eta garraiobideen alorrean aurrerapausoak emateko prest azaldu da Espainiako Gobernua, eta beste eskumen batzuk mahai gainean jartzeko borondatea ere adierazi du azken egunetan. Generalitateak hala nahi badu ere, Sanchezen exekutiboak ez du Next Generation funts europarrak ahotan hartzeko asmorik.
Eskaeren zerrenda luzea dela jakitun, udazkenerako "lan egutegi" bat adosteko xedea du Generalitateak, eskualdatzeak datozen hilabeteetan burutu daitezen.
Kataluniaren eta Estatuaren arteko aldebiko batzordea 2006ko Estatutuarekin batera sortu zen, eta hamargarren bilera izango du gaurkoa.