Politika -
Bilera-sorta
Rajoy Basagoitirekin bilduko da ETAren amaieraz hitz egiteko
Gobernuko presidenteak ez du jakinarazi zehazki noiz bilduko den alderdikidearekin, baina datozen egunetan izango omen da.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Antonio Basagoiti EAEko PPren buruarekin bilduko da datozen egunetan ETAk armak utzi osteko prozesua nola kudeatu aztertzeko, PPko iturriek jakitera eman dutenez.
Rajoy dagoeneko bildu da Patxi Lopez lehendakariarekin (iragan astean) eta atzo Iñigo Urkullu EAJren presidentea hartu zuen. Euskal Herriko egoerari buruzko "bilera-sorta" Basagoitirekin jarraituko du, baina ez dago data zehaztuta.
Aipatu iturrien arabera, Basagoitik ETAren amaiera elkarrekin kudeatzeko eta agenda politikoa ezker abertzalearen esku ez uzteko PSE-EEri eta EAJri egindako proposamena azalduko dio Rajoyri.
Azken adierazpen publikoetan, Basagoitik berretsi du "garrantzitsua eta premiazkoa" ETAk armak entregatzea eta "egindako kaltea" aitortzea dela, eta presoek ez dutela "inolako oparirik izango" azpimarratu izan du.
Basagoiti Patxi Lopez lehendakariaren ondoren joango da Moncloara. Lehendakariak ETAko presoak hurbiltzea eta ezker abertzalea legeztatzea eskatu zion Espainiako presidenteari.
Atzo, Iñigo Urkullu EAJren presidenteak normalizazioa eta elkarbizitza lortzeko kontsentsua eskaini zion.