Politika -
Botere Judiziala
Kontseiluaren blokeoaren aurrean, ituna lehenbailehen erdiesteko eskatu die alderdiei Lesmesek
Erakundeak ia hiru urte daramatza berritu gabe, eta egoera "jasangaitza" dela salatu du Auzitegi Goreneko presidente ere badenak. Gogorarazi duenez, 11 postu daude bete gabe.
E. G. | EITB MEDIA
Carlos Lesmes Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidenteak "alderdikeriak" alde batera uzteko eta epaileen bozeramaileen erakundea berritzeko ituna lehenbailehen erdiesteko eskatu die indar politikoei. Erakundeak ia 1.000 egun daramatza berritu gabe (2018ko abenduan iraungi zen), eta egoera hori "jasangaitza" dela salatu du Lesmesek.
Urte judiziala irekitzeko ekitaldian egin ditu hitzok, Felipe VI.a aurrean zuela. Hain justu, Lesmesek ez du aipamenik egin errege emerituarekin lotutako balizko ustelkeria kasuen inguruan.
Erakundearen blokeoaren harira, azpimarratu du presazkoa dela "borroka alderdikoia" alde batera uztea, eta indar politikoei "patriotismo konstituzionalez eta eskuzabaltasunez" aritzeko eskatu die, "datozen asteetan" akordioa lortzeko bidean.
Lesmesen esanetan, "egoera jasangaitza da epaileentzat, baina baita gizartearentzat ere; Kontseilua berritu gabe utzita ez gara legezkotasuna betetzen ari, eta hori guztia eragin zuzena izaten ari da independentziaz jardun behar duen erakunde honetan".
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak estu hartu ditu Kongresuan eta Senatuan ordezkaritza duten alderdiak, eta gogorarazi die erakundea bost urtean behin berritu behar dela (hala ezartzen du Konstituzioak). "Ez dago Konstituzioa betetzeko modu hoberik hura betetzea baino", argudiatu du.
Ezkutuko kritikak Sanchezentzat, indultuak tarteko
Zuzenean aipatu ez badu ere, Lesmesek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere kritikatu du, 'proces" auziko politikari independentistei indultua emateko erabakia justifikatzeko egindako adierazpenengatik.
"Epaileen jarduna eta independentzia ezbaian jartzen dira batzuetan —batez ere alderdi batzuen ahotan— ebazpenak gustuko ez dituztenean edo euren estrategiak zailtzen dituztenean. Kataluniako auzian, kontrajarri modura aurkeztu dituzte elkarbizitza eta mendekua, justizia aplikatzea bizikidetzaren kontrako oztopo balitz moduan. Kontrara, epaile eta magistratuen funtzioa independentziaz jardutea da, mendeku eta ezikusia alde batera utzita. Epaitzea bakoitzari dagokiona ematea da, legeek ezarritakoaren arabera", azaldu du.