Politika -

Atlantic Cities

Atlantikoko Arkuaren hirien europar sareko buru izango da Donostia datozen hiru urteetan

Eneko Goia hiriko alkatea aukeratu dute Portugaldik Irlandara zabaltzen den eskualdeen arteko erakundeko presidente. Helburu komunei erantzun komunak ematea da sare honen muina, eta helburu horien artean, arku atlantikoan pertsona eta salgaien garraioa artikulatzearena nabarmendu du Goiak.

Eneko Goia, gaur, Viana do Castelon (Portugal). Argazkia: Donostiako Udala.
Eneko Goia, gaur, Viana do Castelon (Portugal).
Eneko Goia, gaur, Viana do Castelon (Portugal). Argazkia: Donostiako Udala.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkatea izango da datozen hiru urtetan Atlantikoko Arkuaren hirien europar sareko (Atlantic Cities) presidente, hala aukeratu baitute gaur egin den batzar orokorrean. Sare honek Portugal eta Irlanda arteko hiriak barnebiltzen ditu.  

Portugalgo Viana do Castelori lekukoa hartuko dio, beraz, Donostiak, aho batez onartu baitute Goia izatea sarearen presidente datozen hiru urteetan. 

Hirien saren honen helburua da kontinenteko arku atlantikoa egituratzen duten proiektu europarretan parte hartzea, bai eta Europako erakundeen aurrean eragin handiagoz aritu izatea ere, "azpiegituren eta kohesio-funtsen inbertsioetan hartzen diren erabakietan eragin ahal izateko". 

Eskualdeen arteko erakunde honetan, besteak beste, Lisboa, Cork, Santander, Santiago de Compostela, Rennes, Brest, La Rochelle, Faro, Gijón edo Coruña bezalako herri eta toki-erakundeek parte hartzen dute, baita Donostiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere.

Helburu zehatzen artean, arku atlantikoko trenbide-sarea sustatzea dago, salgaien eta pertsonen garraioa hobetzeko milioika herritar bizi diren Europako kontinenteko eremu horretan. 

Plan estrategikoaren lehentasuna da, bestalde, Ozeano Atlantikoaren ingurumen-baldintzak hobetu eta kontserbatzera bideratutako jarduerak bultzatzea, bai eta klima-aldaketak kostaldean dituen ondorioei aurre egiteko neurriak diseinatzea ere.

Atlantic Cities erakundeak lan egiten du, halaber, Atlantikoko itsasertza partekatzen duen Europako ondare historiko eta kulturalaren inbentarioa egiteko, "Stella Atlantis" proiektuaren bitartez.

Viana do Castelon egindako batzarrean, Eneko Goiak azaldu du Donostiak "erantzukizunez eta konpromisoz" hartzen duela Atlantic Cities sarearen presidentetza, Donostia Europa eraikitzeko proiektuan bokazio argia duen hiri baita "duela bi urte Europako Kontseiluak Europa Saria eman zionetik eta 2016an Europako Kultur Hiriburu izendatu zutenetik argi geratu den gisan". 

Goiak esan du, gainera, Europako eskualde hori osatzen duten hiriek "helburu komunak" dituztela, eta horien artean azpimarratu du pertsonen eta salgaien garraioa artikulatzea arku atlantikoaren eremu osoa egituratzen duen ardatzean zehar.

Goiak batzarrean esan duenez, bere lehendakaritzapean, Donostiak sarearen ikusgarritasuna hobetzeko lan egingo du Europako erakundeen aurrean, aurrekontuen inguruko erabaki handiek lurraldearentzako proiektuen bizkortzea erraztu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Eneko Goia Europa Eguneko albisteak Albisteak