Politika -

13/13 sumarioaren epaiketa

ETAko kide ohiek ukatu egin dute auzipetuek erakunde armatuaren aginduak eman zizkietenik

Defentsek eskatuta, EPPK kolektiboko bi kidek eta David Pla eta Jon Salabarria ETAko presoek deklaratu dute, lekuko gisa.

Auzipetuak, epaiketaren aurreko saio batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Auzipetuak, epaiketaren aurreko saio batean.
Auzipetuak, epaiketaren aurreko saio batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko kide ohiek ukatu egin dute 13/13 sumarioan auzipetutako zazpi pertsonak erakunde armatuaren aginduak eman zizkietenik, eta euren defentsa egitera mugatu zirela nabarmendu dute. Auzipetuei "Halboka, ETAren fronte juridikoa" osatzea egozten zaie eta 7-19 urteko kartzela zigorra eskatu dute eurentzat.

Abuztuko etenaldiaren ondotik, gaur berrabiarazi dute epaiketa Auzitegi Nazionalean. Defentsak eskatuta, ETAko hainbat militante ohik deklaratu dute lekuko gisa: Ana Belen Egues eta Juan Lorenzo Lasa 'Txikierdi' EPPK-ko (euskal preso politikoen kolektiboa) bozeramaile izandakoak eta David Pla eta Jon Salaberria ETAko presoak.

EPPKri buruz argitu dute 1995ean "euskal preso politiko guztien" aldarrikapenak defendatzeko sortu zela eta "ETArekin zerikusirik ez duen kolektibo erabat autonomoa" dela.

David Pla ETAko talde politikoko kide ohiak eta Jon Salaberria erakundeko kideak ere egin dituzte adierazpenak. Biek ziurtatu dute ez dakitela abokatuek ihes egindako kideei, atentatuak egiteko balizko helburuei edo zerga iraultzailea kobratzeko gestioei buruzko informaziorik eman zutenik.

Era berean, Plak eta Salaberriak gezurtatu egin dute Jon Enparantzarekin Donostiako Artzain Onaren katedralaren inguruan bildu izana.

Zazpi pertsona daude auzibidean (hasiera batean zortzi ziren, baina ostiralean hil zen Juan Mari Jauregi, osasun arrazoiengatik prozesutik kanpo utzi zuten): Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zurriarain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo.

Fiskaltzak 7 eta 19 urte arteko kartzela-zigorra eskatu du guztientzat. ETAko kide izatea edo talde armatuarekin kolaboratzea leporatzen diete guztiei, ETA desagertu eta 10 urtera.

Epaiketak asteazken honetan jarraituko du, defentsak lekuko gehiago deitu baititu.

Ohar baten bidez, zazpi auzipetuek manifestazioa deitu dute igande honetan Donostian, Kontxako banderaren finalaren egunean. Sumarioa salatzeko mobilizazioa 13:30ean abiatuko da Donostiako Boulevardetik.

Ohar horretan bertan Juan Mari Jauregi, "ostiralean zendutako kidea ", gogora ekarri dute, eta haren heriotza atxiloketarekin eta "2010ean jasandako torturekin" lotu dute. "Guztiok elkarlanean gure herriaren aitortzan pausoak ematen jarraitzeko unea" dela erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak