Politika -
Justizia ministroa
Llop: "ETAko presoei egindako harrerek biktimak umiliatzen dituzte. Gizarteari gaitzesteko eskatzen diot"
Pilar Llop Justizia ministroak Euskadi bisitatu du. Fokua beti biktimengan jarri behar dela uste du agintariak.
EiTB Media
Pilar Llop Justizia ministroak Euskadi bisitatu du ostiral honetan. Besteak beste, Beatriz Artolazabal Justizia sailburuarekin bildu da, eta Abokatu Elkargoen Gobernu Batzarrak itxi ditu Bilboko Euskalduna jauregian.
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren "eskumen higadura, isil eta etengabea" salatu du aste honetan. Justizia ministroaren hitzetan, Sanchezen Exekutiboa lanean ari da Euskadik dagozkion eskumenak bereganatu eta erkidegoekin batera kogobernantza bideratu ahal izateko.
Bestalde, ETAko presoen eta biktimen artean egiten ari diren bilerak azpimarratu ditu ministroak, baina azken horiek babestearen aldeko apustua egin du. Horietako batzuk elkarteetako kideak direla gogorarazi eta haien lan garrantzitsua nabarmendu du. Horregatik, presoei egiten zaizkien harrera publikoak biktimentzako "irain argiak" direla uste du Llopek, eta ekitaldi horiek gaitzesteko eskatu dio gizarteari.
Genero indarkeriaren biktimak ere hizpide izan ditu elkarrizketan. Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeria ordezkaria izan zen ministroa, eta arlo horretan epaile izan da. Salaketa faltsuen kopurua oso txikia dela azaldu du, urtero salatzen diren 150.000 kasuen % 0,01, alegia. Gorroto delituen biktimei dagokienez, poliziek talde bereziak osatuko dituztela iragarri du.
Azkenik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jardunean 1.011 egun daramatza. Zentzu horretan, Pilar Llopek erantzukizuna Alderdi Popularrari leporatu dio, organoa berritzeko prozesua "modu interesatuan" atzeratzen ari delako. Berehala egin beharreko gauza dela erantsi du agintariak.