Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Rios: 'Berradiskidetzearen betebeharra gizartearena da, ez biktimena'

Lokarriko koordinatzaile nagusiak esan du biktimei "entzun" egin behar zaiela, eta haien papera "garrantzitsua" izan litekeela.

Paul Rios, gaur Euskadi Irratian. EITB
Paul Rios, gaur Euskadi Irratian. EITB
Paul Rios, gaur Euskadi Irratian. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Rios Lokarriko koordinatzaile nagusiak adierazi du ETAko biktimen papera "garrantzitsua" izan litekeela indarkeriaren amaieraren osteko bake eta normalizazio prozesuan, baina "berradiskidetzearen betebeharra gizartearena" dela, eta ez "biktimena".

"Sufrimendua errespetatu behar dugu, ezin diegu ezer exijitu biktimei, beren ibilbidea egin behar dute eta guk haien ahotsa entzun, baina gizarteak egin behar du berradiskidetzea", esan du, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa batean.

ETAko presoei dagokienez, Riosek esan du "humanizazioa" behar dela: "Han ere sufrimendu esparru bat dago, eta desagertu egin behar da momentu berri honetan".

Hori horrela, espetxe politika "goitik behera aldatu" ezean, bakea sendotzea "zaila" izango dela iritzi dio.

Halaber, ETAk armak entregatzea garrantzitsutzat jo du: "Desarmea garrantzitsua da, atzera bueltarik ez dagoela bermatzeko".

Prozesuaren egoerari buruz, Riosek uste du "momentu historiko hau" finkatzeko zailtasun nagusia "PPren Gobernuaren mugimendu positibo eza" dela.

Dena dela, PP "diskurtsoa egokitzen" ari dela aitortu du, eta Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak PSE-EErekin eta EAJrekin lidergo bateratua proposatu izana jarri du adibide. "Ez gaude ados proposamen horrekin, baina gutxienez Basagoitik onartu du zerbait egin behar dela eta beste urrats batzuk martxak jartzeko lehen urratsa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea