Itxi

2021/09/18

20:06

Politika

EHBILDU KONFERENTZIA POLITIKOA

Otegik Urkulluri: "XXI. mendean, burujabetzak Estatu izena du"

AGENTZIAK| EITB MEDIA

EH Bilduko koordinatzaileak autogobernuaren "hauskortasuna" azpimarratu du: "Voxen helegite bat, euskarari buruz esan duena esan duen epaile lotsagarri batekin, nahikoa da autogobernua kolokan jartzeko".

  • Arnaldo Otegi EH Bilduren Konferentzia Politikoan, gaur, Donostian. Argazkia: EFE

    Arnaldo Otegi EH Bilduren Konferentzia Politikoan, gaur, Donostian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EH Bilduren Konferentzia Politikoa ospatu dute larunbat honetan Donostian, etorkizunari begira koalizio abertzaleak izango dituen erronkak zehazteko. Besteak beste, hezkuntza proposamena, plan politikoa zein plan feminista bozkatu eta onartu dituzte. Pandemia ardatz hartuta, azken garaiotan bizitakoari buruz hausnartzen hasi du hitzaldia Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatzeaz gain, lehendakariak subiranotasunaz ostegun honetan bertan esandakoari erantzun nahi izan dio, XXI. mendean subiranotasunaz hitz egitea "estatu propioaz hitz egitea" dela ohartaraziz.

Pandemiak planeta geldiaraztera kondenatu duela adierazi du Otegik eta batzuek "Bibliako madarikazio gisa" hartzen duten arren, "eredu ekonomiko eta kontsumitzaile bortitz baten ondorio" dela adierazi du.

EH Bilduk klima aldaketaren aurka duen konpromisoa berretsi ostean, "zerbitzu eta eskubide sozialek" pairatzen duten "hauskortasunaz" hitz egin du. Otegik galdetu du ea nork erabaki duen "zaintza emakumeen esku egotea eta esparru pribatukoa izatea". "Guk ukatu egiten dugu hori, baita zaintza merkantilizatzea eta esparru pribatura eramatea ere. Herritarren zaintza administrazio publikoen ardura da" gaineratu du. "Eskuinak dena negozio bat dela uste du" salatu du, eta, beraz, "hezkuntza, osasuna eta zaintzak negozio direla".

Pandemiak euskal autogobernua ere "erabat hauskorra" dela erakutsi duela gehitu du: "Epaile bat gai izan da -euskarari buruz ere izugarrikeria bat erabaki duen epaile lotsagarri bat- ultraeskuinaren errekurtso baten ondorioz, gure autogobernua zalantzan jartzeko. Horixe da gure autogobernua. Erabat hauskorra".

Erabakitzeko eskubidez

"Badirudi erabakitzeko eskubidea independenteak izan nahi dugun ala ez erabakitzeko tresna politikoa baino ez dela", deitoratu du. "Erabakitzeko eskubidea beste gauza bat da, ordea. Arlo ekonomikoan eta instituzionalean etorkizuna eta oraina herritarrengan uztea da" argudiatu du Otegik.

"Hemen mundu guztiak egiten du erabakitzeko eskubidearen eztabaida, ez independentistek bakarrik. Ultraeskuinak ere hala egiten du, eta proposatzen diguna da ez digula ezer erabakitzen utziko, Espainiak bakarrik erabakitzen duelako. Beste batzuek esaten digute zati bat bakarrik erabaki dezakegula. Eta guk esaten dugu dena erabaki nahi dugula, arlo sozialean, ekonomikoan, ekologikoan... ", esan du buruzagi abertzaleak.

"XXI. mendean burujabetzak Estatu izena du. Burujabetza bakarrik lor daiteke gure herria estatu gisa eratzen bada. Gaur egun, Euskal Herrian erabateko demokrazia bakarrik lor daiteke gure nazio izaera errespetatuz eta gure etorkizun ekonomikoa, soziala eta politiko libreki eta demokratikoki erabakiz, dagokigun erabakitzeko eskubidea errespetatuz" adierazi du Otegik, Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko Osoko Bilkuran 1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzeari buruz esandakoari erantzunez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;