Politika -

Politika Orokorreko Eztabaida

Euskadi berrabiarazi eta 1839 aurreko subiranotasunera itzultzeko deia egin du lehendakariak

Politika orokorrari buruzko eztabaidan pandemiaren ondorioak eta kudeaketa, susperraldi ekonomikorako gakoak eta iraunkortasunaren eta kohesio sozialaren arloko konpromisoak izan ditu hizpide Iñigo Urkullu lehendakariak, baita autogobernuaren etorkizuna ere.

Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldia, oso-osorik

77:58

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren mintzaldiarekin hasi da 09:30ean 2021eko Politika Orokorrari buruzko Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. Lehendakariak pandemiaren ondorioak eta kudeaketa, susperraldi ekonomikorako gakoak eta iraunkortasunaren eta kohesio sozialaren arloko konpromisoak izan ditu hizpide, baita Autogobernuaren arloko erronkak ere.

"Bizi dugu garaiaz jabetzen naiz" esan du, eta azken urte eta erdiaren ondoren, gizartea inflexio-puntu batean dagoela adierazi du: "ziklo berri bati ekiteko atean gaude", Euskadi berpizteko garaian, arlo ekonomikoan, politikoan eta sozialean.

Hitzaldiaren lehen zatia koronabirusaren pandemiari eskaini dio, hark eragindako ondorioak eta aurre egiteko egindako kudeaketari. Aurretik, baina, covid-19agatik Euskal Autonomia Erkidegoan hil diren 4.669 herritarrak oroitu ditu eta biktimen gertukoei babesa erakutsi die. "Errespetua eta dolua dira partekatzen ditugun sentimenduak, eta  sentimendu horiek zorroztasunari eta seriotasunari eustera garamatzate" adierazi du.

"Covid eklipseak" (hala deitu dio azken hilabeteotan bizitako etapari) hartu du legegintzaldiko lehen urtea, eta azpimarratu du lehentasuna izan dela, beste edozeren gainetik, "pandemiari erantzun egokia ematea".

Covid-19aren kudeaketaz autokritika egin eta 1.600 milioi euroko inbertsioak iragarri ditu Urkulluk
Covid-19aren kudeaketaz autokritika egin eta 1.600 milioi euroko inbertsioak iragarri ditu Urkulluk
Covid-19aren kudeaketaz autokritika egin eta 1.600 milioi euroko inbertsioak iragarri ditu Urkulluk

1:19

Hain zuzen ere, pandemiaren kudeaketa horri dagokionez, autokritika egin du Urkullu lehendakariak. "Zailtasun handiak izan ditugu, akatsak egin ditugu, askotan egoera berri eta ezezagunek baldintzatuta jardun dugu, ikasi ahala aurrera eginez", esan du.

Aitortu du pandemiaren hasieran hainbat arazo izan zituela Exekutiboak pandemia kudeatzeko: "Arazoak izan genituen kontaktu eta kutsatzeen kontaketa egiteko, eta zailtasunak izan genituen gure zerbitzu publikoen sarean ere".

Era berean, onartu du "mugak" izan zituela informazio fidagarriaren katean, baliabideen antolaketan eta herritarrentzako arretan; halaber, txertaketa abiarazteko operatibo logistikoa ere ez zen nahi bezain arin joan. "Pandemia ezjakintasunetik kudeatu behar izan dugu", eta, azpimarratu duenez, "zientziari esker atera gara aurrera".

Nahi gabe eragin ahal izan diren sentsazio negatiboak sortzeagatik atsekabea agertu du eta eskerrak eman dizkio gizarte osoari "egoeraren konplexutasuna ulertzeagatik eta une bakoitzean egokienak iruditu zaizkigun erabakiak bere gain hartzeko gizarteak erakutsi duen prestutasunagatik".

Urkullu: ''Onartzen dut beharbada nahi gabeko sentsazio negatiboak sortu ditugula''
Urkullu: ''Onartzen dut beharbada nahi gabeko sentsazio negatiboak sortu ditugula''
Urkullu: ''Onartzen dut beharbada nahi gabeko sentsazio negatiboak sortu ditugula''

2:20

Suspertze ekonomikorako oinarriak

Ondoren, aurrekontuen egoera eta suspertze ekonomikora begirako erronkak azaldu ditu. 

Susperraldi ekonomikoa eta aurrekontuen egoera hizpide hartuta, taldeei proiektua "elkarrekin" aztertzeko deia egin die. Aurrekontu proiektu zabala iragarri du, inbertsio publiko handia izango duena; halaber, hurrengo ekitaldiari begira, akordiorako deia egin die taldeei, "susperraldirako eta eraldaketa faserako gakoa baita". Zentzu horretan, susperraldi eta eraldaketa horretarako oinarriak "martxan" daudela azpimarratu du.

Nabarmendu duenez, pandemiak eta osasun-estrategiak "gizartearen arreta guztia bereganatu du", baina Gobernuak lanean jarraitu du programa "osorik" betetzeko.

Urkulluren hitzetan, arlo ekonomikoari eta enpleguari erantzuteko "erresistentziaren lehen fase kritikoa" gainditu da; hala ere, jakitun da "eraldaketa-prozesu global baten aurrean" dagoela gizartea. Bere ustez, "ez da nahikoa 2019ko covid aurreko egoerara itzultzea", eta "berrikuntza sakon baten alde" egin du: "Berpiztu". Ziurtatu duenez, "eraldaketa global hirukoitzari aurre egiteko lehen urratsak" eman dituzte: Eraldaketa Teknologiko-Digitala; Energia eta Ingurumenari dagokiona eta Soziosanitarioa. Gainera, besteak beste, I+Gra bideratutako Gobernuaren aurrekontuak urtean % 6 handitzea aurreikusten duela aurreratu du.

Horren hitzetan, 2021eko aurrekontuak inoizko "handienak" izan dira, eta Berpiztu "inbertsioak eta enplegua mugiarazteko bi tresna funtsezko" izan direla gaineratu du. 

Urkulluk azpimarratu duenez, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, besteak beste, aurrekontuen egonkortasunari buruz lortutako akordioek "defizitaren eta zorraren inguruan ziurtasuna" ematen diote Euskadiri. "Akordio hauek, euskal ekonomiaren susperraldiarekin batera, beharrezko oinarriak dira aurrekontu hedakorrak eta inbertsio publikoa sendodunak lortzeko", gaineratu du.

Ildo horretan, "aurrekontu-proiektua elkarrekin aztertzeko eta hurrengo ekitaldiari begira akordio batean aurrera egin ahal izateko" bere eskaintza berretsi du, "funtsezkoa baita susperraldirako eta transformazio faserako".

Lehendakariak 250 milioi euroko aparteko inbertsio-plan bat iragarri du, 2022ko aurrekontuetako 1.000 milioi euroei eta berreskurapenerako eta eraldaketarako Europako Funtsei gehituko zaizkienak. Guztira, 1.600 milioi euroko inbertsio-ahalmena izango du Eusko Jaurlaritzak datorren urterako.

Aparteko planaren inbertsio-lehentasunak azpiegitura sozialak (hezkuntza soziosanitarioa, kulturala eta etxebizitza), ekonomikoak (industrialak, teknologikoak eta digitalak), energia eta ingurumenari dagozkionak eta komunikaziokoak izango dira.

AHTarentzako helburuak

Komunikazio- eta mugikortasun-azpiegituretan sakontzeko Jaurlaritzak dituen erronkei dagokienez, Urkulluk zehaztu du 2022rako aurreikusitako inbertsioaren zati bat Abiadura Handiko Trenaren obrekin jarraitzeko izango dela. "Tren-garraioak mugikortasuna hobetzen eta ingurumen-inpaktua murrizten lagunduko du", adierazi du, eta "Euskotrenbideakek aurreikusitako lanek aurrera" jarraitzen dutela erantsi du.

Era berean, urtea amaitzerako Bilborako eta Gasteizerako sarbideen epeak ezartzeko akordioa lortzea espero duela esan du.

Euskal nazioa berrabiarazteko ituna

Estatuarekiko harreman mota berri baterako formula defendatu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian, "Kontzertu Politikoa" deitu dio aldebiko harremanerako formula horri, Kontzertu Ekonomikoa eredu hartuta, autogobernuari segurtasun juridikoa emango diona eta "euskal arazoa" konpontzen lagunduko duena. 

Lehen ere aipatu du inoiz Urkulluk "Euskal Kontzertu Politikoa", baina gaur azpimarra jarri du kontzeptu horretan, Gernikako Estatutuaren erreforma eta autogobernuaren etorkizuna mahai gainean dauden unean; eztabaida hori geldirik egon da, halabeharrez, pandemia hasi zenetik. 

"Gure errealitate nazionala aitortuko duen itun berri bat lortzeko aukera daukagu, euskal autogobernuaren berezitasuna aitortuko duena, Estatuarekiko aldebiko harreman bat egonkortu eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa sustatu eta bermatuko duena", azaldu du. 

Lehendakariak kontzertu politiko bat defendatu du Euskadi eta Estatuaren hartu-emanerako
Lehendakariak kontzertu politiko bat defendatu du Euskadi eta Estatuaren hartu-emanerako
Lehendakariak kontzertu politiko bat defendatu du Euskadi eta Estatuaren hartu-emanerako

1:16

Horretarako, Eusko Legebiltzarrean "adostasun sendo bat" lortzea proposatu du, euskal herritar gehienen desioa gauzatzen lagunduko duen autogobernurako proiektu baten inguruan; Euskadi, "euskal nazioa" berrabiarazteko oinarri partekatu bat

"Foruen abolizio legeak behin betiko indargabetzea eta 1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea" ahalbidetuko duen Kontzertu formula aldarrikatu du, eta azaldu du aukera horrek konstituzioan bere tokia egin dezakeela, "aldebikotasuna bermatu" eta lortutako itun politikoa aldebakarrez aldatzea eragotziko duen tresna bat ezarrita.

Bere mintzaldian, azpimarra jarri du Urkulluk eskumenen arloan gertatzen ari den ahultzean; era berean, Estatuaren lurralde ereduak "birformulatzea" behar duela adierazi du. 

Ohartarazi du, bestalde, jurisprudentzia konstituzionalaren bilakaera Estatutuaren irakurketarako tartea estutzen ari dela: "Badirudi Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman-arau politikoak pixkanaka aldatzen ari direla, eta badirudi harreman uniformizatzaileago bat bilatzen ari direla, botere politikoa birzentralizatzera bideratutako Administrazio zentral batekin".

Horregatik guztiagatik, azpimarratu du autogobernuan aurrera egitea ez dela soilik falta diren eskumenak transferitzea, baizik eta beharrezkoa dela "atzera begiratzea, Gernikako Estatutuak bizirik jarraitzen duela eta oraindik ere Euskal Herriaren nortasunaren aitorpen gisa balio duela baieztatzeko, nortasun berezia, bereizia eta Eskubide Historikoen titulartasunak eratua".

Urkullu lehendakariak ''euskal nazioa'' berrindartzeko deia egin du
Urkullu lehendakariak ''euskal nazioa'' berrindartzeko deia egin du
Urkullu lehendakariak ''euskal nazioa'' berrindartzeko deia egin du

2:11

Hezkuntza ituna

Hezkuntza arloan adostasuna bilatu nahi duela iragarri du Urkulluk, eta, horretarako, Jaurlaritzaren helburua lege-proiektu berria aurreratzea eta 2022an onartzea dela ziurtatu du.

Lehendakariak esan duenez, egungo krisitik ateratzeko gakoa balioak eta kualifikazio maila altua dituzten pertsonak prestatzeko gaitasuna izatea izango da. Horretarako, "inbertsiorik onena" hezkuntza, ikaskuntza eta ikerketa direla azaldu du, eta inbertsio horien zati bat irakaskuntza publikoa digitalizatzera eta Lanbide Heziketa indartzera bideratuko direla iragarri.

Genero berdintasunerako konpromisoa

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusietakoa da Euskadi genero berdintasun indize handiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea. "Helmuga konprometitua eta zorrotza da, bai, baina baita ilusioz betea ere", esan du lehendakariak.

Urkulluren hitzetan, une honetan Euskadi bederatzigarren postuan dago genero berdintasunaren Europako Institutuaren indizean. Hala ere, lehendakariaren arabera, ez da nahikoa, eta "aurrera egiten jarraitu nahi dugu", adierazi du.

PPko militanteek jasandako erasoak

Bestalde, PPko militanteen aurkako erasoak "erabat mespretxagarriak" direla azpimarratu du Urkulluk, eta "behar adina aldiz" esango duela gaineratu du.

"Krispazioa ez areagotzeko" eskatu du Urkulluk

Halaber, asteburuan Henri Paroten alde egingo den ekitaldiaren harira, Eusko Jaurlaritzak "terrorismoa goratzeko edozein modu" eta "biktimen sentiberatasuna mindu edo berriro biktima bihur dezaketen" jarrerak deitoratzen dituela esan du, baina "ekarpen eraikitzaileak" ere eskatu ditu, "krispazioa ez areagotzeko".

Urkulluk gogora ekarri duenez, EAEko Auzitegi Nagusira eta Auzitegi Nazionalera jotzen dute horrelako ekintzen aurka, eta "ez dituzte debekatzen". "Hurrengo ekitaldia  debekatu ez den bezala", gaineratu du.

Darpon eta Mugikaren aurkako "lintxamendua"

Horrez gain, Jon Darpon Osasun sailburu ohiak eta Maria Mugica Osakidetzako zuzendari nagusi ohiak "aurretiazko epaiketarik egin gabe" jasandako "jazarpena eta lintxamendua" salatu du lehendakariak, eta biak "legez kanpoko jarduera baten susmotik aske" daudela nabarmendu du.

Bere hitzaldian, Darpon eta Mugika ez inputatzeko erabakia izan du hizpide Urkulluk, Osakidetzako lan eskaintza publikoen ustezko irregulartasunen kasuan. Urkulluk ohartarazi duenez, "denak ez du balio".

Gaineratu duenez, "ekintza irregularren susmotik aske daude biak". "Pertsona horiek jazarri eta lintxatu dituzte, aldez aurreko epaiketarik gabe. Uste dut guztiok dugula ardura politikoa, eta, beraz, baita pertsona horien aurka oinarririk gabeko kritikak egin dituztenek ere", salatu du.

Beltran eta Sololuze izan ditu gogoan

Halaber, Urkulluk Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren eraginez hildako bi langileak (Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze) izan ditu gogoan. Bere esanetan, ezbehar hori, "euskal enpresetan ekonomia zirkularraren estrategia bultzatzeko behin betiko pizgailua" izan da.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, "lan handiko" hilabeteak izan dira, baina maiatzaren 14an bertan behera utzi behar izan zuten Beltranen bilaketa, haren ingurukoei jakinarazi ostean, eta, adierazi duenez, "harreman pertsonal iraunkorra" izan dute haiekin.

Bilaketa-lanak amaitu ondoren, zabortegia egonkortzeko lanak burutu ziren, eta, horri esker, enpresak "zabortegia behin betiko itxi ahal izango du"; beraz, etorkizunean "ez du inolako hondakinik jasoko".

Sailburu guztiekin batera iritsi da Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrera
Sailburu guztiekin batera iritsi da Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrera
Sailburu guztiekin batera iritsi da Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrera

1:20
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Urkullu albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak Euskal Y EAEko Aurrekontuak