Politika -

Italia

Puigdemont atxilotu dute Sardinian

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako agindu baten ondorioz atzeman dute Kataluniako Gobernuko presidente ohia L'Alguer hiriko aireportuan. Gonzalo Boyek azpimarratu du agindu hori "indargabetuta" dagoela. JxCat-eko eurodiputatua ekitaldi batean parte hartzeko asmoz joan da Bruselatik Sardiniara.

Carles Puigdemont Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont atxilotu dute gaur Sardinian. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako agindu baten atzeman dute Kataluniako Gobernuko presidente ohia.

Junts per Catalunya (JxCat) alderdiko iturriek azaldu dutenez, L'Alguer hiriko aireportuan atxilotu dute, eta ostiral honetan eramango dute epailearen aurrera, estraditatu ala ez erabakitzeko. Puigdemontek Gonzalo Boye abokatuaren eta Italiako abokatu talde baten laguntza izango du.

JxCat alderdiko eurodiputatua ostegun arratsaldean joan da Bruselatik Sardiniara, Adifolk elkartearen nazioarteko topaketan parte hartzeko asmoz.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Gonzalo Boyek jakinarazi du atxiloketa 2019ko urriaren 14an emandako euroagindu baten ondorio dela, baina "ebazpen hori indargabetuta" dagoela, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuaren arabera.

Bestalde, Pere Aragones Generalitateko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiak salatu egin dute Puigdemonten atxiloketa, eta biek azpimarratu dute amnistia eta autodeterminazioa direla konponbide bakarra.  

"Errepresio judizialaren aurrean, nire gaitzespenik irmoena. Gelditu beharra dago. Amnistia da bide bakarra. Autodeterminazioa da konponbide bakarra. Zure alboan gaude, president", idatzi du Aragonesek sare sozialetan.

"Estatuaren errepresio etengabea geldiarazteko modu bakarra dago: amnistia, autodeterminazioa eta independentzia", nabarmendu du Junquerasek beste mezu batean.

Bitartean, PP, Vox eta Ciudadanos alderdietako buruzagiek Kataluniako Gobernuko presidente ohia Espainiara estraditatzeko eskatu dute, epaitua izan dadin. Ildo horretan, indulturik ez emateko ere galdegin dute.

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak uste du atxiloketa abian den prozedura judizial baten ondorio dela, eta Europako beste edozein herritarrek bezala, Justiziari men egin behar diola.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Italia Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean