Politika -
Elkarrizketa ETBn
Amaiur: 'Estatua izan zen presoak kolektibo gisa tratatzen lehena'
Xabier Mikel Errekondo Kongresuko bozeramaileak adierazi duenez, "Euskal Herrian ez dago ez pertsona ez eragilerik gatazkaren izaera politikoa ukatzen duenik".
Erredakzioa
Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizio abertzalearen Kongresuko bozeramaileak ziurtatu du Estatua izan dela "presoak kolektibo gisa tratatzen lehena" aparteko neurriak ezarri izan dizkienean. Hori horrela, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren adierazpenei erantzun die, barkamen indibidualizatuak eskatu baitizkie presoei aringarriak jaso ahal izateko.
Amaiurren bozeramaileak ETBko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "Estatuak eta ETAk egindako kaltea aitortu eta konpondu beharra dute".
Errekondorentzat "pauso bat" da Barne ministroak "ETAren dimentsio politikoa" aitortzea. Hala eta guztiz ere, herritarrek pentsatzen dutena "begiz jotzeko" estrategia baten baitan kokatu ditu adierazpen horiek.
Horren harira, buruzagi abertzaleak adierazi du Euskal Herrian ez dagoela "ez pertsonarik ez eragilerik gatazkaren izaera politikoa ukatzen duenik".
Beste alde batetik, Errekondok "positibo" jo du EAEko PPk alderdiaren barruan "indar handiagoa" izatea Sevillan egin berri duten Kongresuan EAEko PPko kideak Zuzendaritzan sartu ondoren.