Politika -

Memoria historikoa

Gogora Institutuaren Ekintza Plan berriak memoria partekatu bat eraikitzeko oinarriak ezarri nahi ditu

Gogoragunea sortzea, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaeren biktimen memoriala eta Gernikako Museoaren berrikuntza jasotzen ditu 2021-2024 Ekintza Planak.

Gasteizko San Frantzisko elizan egingo dute Martxoak 3 Memoriagunea.
Gasteizko San Frantzisko elizan egingo dute Martxoak 3 Memoriagunea.
Gasteizko San Frantzisko elizan egingo dute Martxoak 3 Memoriagunea.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritza Kontseiluak 2021-2024 Ekintza Plana onartu du astelehen honetan. Planak, besteak beste, Gogoragunea, Gogora Institutuaren Bilboko erakusketa-gunea; Martxoak 3 Memoriagunea, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaeren biktimen memoriala; eta Gernikako Museoaren berrikuntza jasotzen ditu. Horien bitartez, "etorkizuneko hausnarketarako eta eztabaidarako funtsezko prozesu bat" bultzatu ahal izatea du helburu.

1936-1978 Giza Eskubideen Urraketen Oinarri Txostenaren bigarren fasea ere aurreikusten du planak, eta 1936 eta 1945 bitartean espetxean egon ziren pertsonei buruzkoa, eta Francoren diktaduran konfiskazioei, arazketei eta "giza eskubideen urraketa larriei" buruzko ikerketak egiten jarraituko dute.

Halaber, Gerra Zibileko hildakoen datu-basea eguneratzen jarraituko dute, ikerketa berrietatik eta familiek emandako informaziotik datozen ekarpenen bidez.

2021-2024 Ekintza Plana hiru eremu handitan egituratzen da: zeharkako eremua, Memoria Historikoaren eremua eta Oraintsuko Memoriaren eremua. Horrela, hamar ekimen eta 53 ekintza jasotzen ditu.

Bestalde, Gogora Institutuaren eta EITBren arteko lankidetzarako hitzarmena onartu du Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluak. Horren helburua da printzipio eta balio demokratikoen defentsaren memoria gordetzea eta zabaltzea, ondare kolektiboa dela ulertuta, eta, bereziki, biktimen testigantzan gauzatzen dela. Horretarako, bi erakundeak elkarlanean arituko dira zabalkundea sustatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Berriak Politika Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Martxoak 3 Gerra Zibileko biktimak Museoak Gogora Institutuaren proiektuak