Politika -
Diputatuen Kongresua
ETA desegitea lortzeko eskatu dio Rajoyk Amaiurri
Lehen aldiz, Gobernuko presidenteak koalizio abertzalearen galdera bati erantzun dio Kongresuan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ETAn izan lezakeen "eragin guztia" erakunde terrorista berehala eta baldintzarik gabe desegiteko erabiltzea eskatu dio Amaiurri.
Gobernuburuak koalizio abertzalearen galdera bati erantzun dio gaur lehen aldiz, Diputatuen Kongresuan.
Aldez aurretik, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak esan du gatazka politikoa "ETA baino lehenagotik" existitzen zela eta "oraindik ere" irauten duela. Horrenbestez, "benetako bakea eta normalizazioa [gatazkaren] kausei eta ondorioei helduz" lortuko dela esan du.
Amaiurren ustez, gatazkaren kausak "politikoak" dira, eta Euskal Herria "nazio" gisa aitortuz eta herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatuz konponduko dira.
Biktimen batzordea
Bozeramaile abertzaleak "giza eskubideak eta eskubide sozialak" errespetatzeko, Sortu legeztatzeko, presoak hurbiltzeko eta askatzeko, "desarmean ekiteko" eta Euskal Herritik Segurtasun Indarrak ateratzeko eskatu dio Rajoyri.
Bestalde, Errekondok biktimen batzorde bat sortzeko eta horretan "alde guztiak" izateko dei egin du.
Errekondok ezin izan du bere hitzaldia bukatu eztaa "gatazkaren ondorioak" azaldu ere, galdera egiteko denbora agortu egin baitzaio.
Lan erreforma
Saio berean, Gobernuko presidentea Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari ere zuzendu zaio, eta lan erreforma-rekin bat egin ezean, haren alderdia eta sindikatuak "bakarrik" geratuko direla ohartarazi dio.
Rajoyk PSOEko buruaren galdera bati erantzunda egin ditu adierazpenok. Izan ere, Gobernuak erreformaren ondorioak ondo neurtu dituen galdetu dio Rubalcabak.
"Gobernuak erabaki guztien ondorioak aztertu ohi ditu", erantzun du hark.
Rubalcabak Gobernuaren aurka egin du, eta kaleratzea erraztuz, langabezia handitu egingo dela esan du.
Bere aldetik, gobernuburuak gogorarazi dio PSOEren agintaldian langabeziak marka guztiak hautsi zituela, eta sozialistek hiru aldiz aldatu zituela lan merkatuaren arauak.