Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzar: 'Madrilen politika egitea ez da soilik Kongresura joatea'
''Ematen du ezker abertzalea ez dela politika errealean kokatu'', esan du BBBko presidenteak, Rufi Etxeberriak egindako kritikei erantzunez.
Erredakzioa
Andoni Ortuzarrek ezeztatu egin du ETAren inguruan Kongresuak onartutako akordioan ezker abertzalea zokoratu izana.
''Ematen du ezker abertzalea ez dela politika errealean kokatu'', esan du BBBko presidenteak Radio Euskadiko Ganbara saioan. ''Amaiur konturatu egin behar da Madrilen politika egitea Kongresura joatea baino zerbait gehiago dela'', gaineratu du.
Ortuzarrek azaldu du jeltzaleek beraiek deitu zietela PSOEri eta PPri, bere burua aurkezteko.''Amaiurrek ere hori berau egin zezakeen, eta ez zuen egin. Deitu ondoren norbaitek ezetz esan izan bazion, orduan bai izango zuen kexatzeko arrazoirik'', gaineratu du.Buruzagi jeltzaleak gogoratu du ilegalizazio eskaera bozkatzekoak zirela, eta PP, ''orain gutxi arte'', horren aldekoa zela. ''Atzo, onartutako akordioari esker, PPk kontrako botoa eman zuen'', esan du Ortuzarrek.
BBBren presidentearen hitzetan, ezker abertzalea ''ez da inor EAJri azalpenak eskatzeko''. ''Zertxobait apalgoak izan behar dute'', esan du.